Azken euriteen ondorioz Donostiako Amara Berri auzoaren parean orban marroi ilun zabala azaldu da Urumean. Eguzki talde ekologistaren esanetan, inguru horretan ur saneamenduak dituen gabeziak agerian geratu dira berriz ere.
Maiatzaren 11ko bideo bat zabaldu du Eguzkik erakusteko Urumearen zati handi bat nola zikindu duen isurketa batek Donostiako Amara Berri auzoaren parean. Talde ekologistaren arabera, azken euriteek utzi dute agerian inguru horretan dagoen ur saneamendu "gabezia", erreka kutsatzera eramaten dutena: "Horiek ez dira soilik euri-urak, jakina, horiek ur zikinak ere badira, inolako tratamendurik gabe isurtzen direnak".
Halako isurketak, gainera, beste zenbait puntutan ere gertatzen direla dio, hala nola Santa Katalina zubiaren parean, edo Frantziako pasealekuan. Bi horietan ere ur zikinak isurtzen dituzten gainezkabideak daude.
Ez da lehen aldia Eguzkik Urumeako inguru horretan halako isurketak daudela salatzen duena. Otsail honetan beste isurketa bat atzeman zen, kasu honetan metroaren obrekin zerikusia izan zuten Donostiako Udalak eta Eusko Trenbide Sareak berak ere aitortu zutenez; talde ekologistaren esanetan ez da lehen aldia lan horiek horrelako legez kanpoko isurketak egiten dituztela.