argia.eus
INPRIMATU
Kooperatiben geroa eta hondakinen kudeaketa Donapaleun mintzagai
  • Zabalik elkarteak antolatuta, Otsail Ostegunen 18. edizioa egingo da datorren hilean Donapaleun. Hiru mintzaldik eta TELP tailerrak osatuko dute aurtengo egitaraua.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 29a
Usurbilgo eta Hernaniko zabor bilketa sistemak izango dituzte Donapaleun hizpide, besteren artean. (Argazkia: Usurbil online)

"Euskaraz mintzatu, ikasi, hartu, eman, pentsatu eta gozatu ahalko den gune bat sortzea" du xede Amikuzeko Zabalik elkarteak. Otsail Ostegunei buruzko informazioa elkarteak abiatu berri duen webgunean eskura dezakezue, euskararen inguruko beste hainbat edukirekin batera.

Otsail Ostegunen egitaraua:

Otsailaren 6a: Eñaut Etxamendiren kantagintza. Mithindarraren kantu guzien publikatzearen karietara (Maiatz argitaletxean), berarekin eginen dugu kantu horien bidaia. Nola sortu zituen, ze kontestutan, aire eta hitzen egiteko sortzaileak erabili moldeak, artistaren erreferentziak… horra xilatzera entseatuko giren sekretuak. Kantuz hasi eta finitzeko bistan dena!

Otsailaren 13a: Zero hondarkinetara nola hel? Gipuzkoan duela urte guti ikaragarriko esperientzia bizitzen ari dute. Usurbilgo herria aintzindari, gaur 140000 bizitzale dira beren hondarkinen kasik %80 birziklatzen dutenak, lehen %20a doi-doia gainditzen zutelarik. Pello Zubiria eta Malores Etxeberria Hernaniko Zero Zabor taldekoek beren lekukotasuna ekarriko digute.

Otsailaren 20a: Fagor Etxetresnak erorita, zertan dira kooperatibak? Arrasateko mirakuiluak, inarrosaldi handia ezagutu du azken urtean. Rene Harluxet Mithindarra eta Ximun Lacroix Behauztarra, biak Mondragon taldeko kooperatiba bateko patzuerrak dira. Bi belaunaldi diferentekoak izanki, beren esperientziaren berri emanen daukute, bai eta nola ikusten duten gaurko egoera.

Otsailaren 27a: Zergatik ez? formakuntza tailerra. Kataluniatik jina zauku Tallers per la llengua (TELP) formakuntza moldea. Gure hizkuntzarekin dugun harremana doloretsua, konplexez betea eta itoa izaitetik, hortaz gogoeta egitea eta jarrera baikorrak sustatzea du helburu. Hamabi laguneko multxoekin antolatzen da eta bi oren pasa irauten du. Zabalik elkartearen xedea da sentsibilisaziorako lehen urrats gisa gaualdi honetarik abiatzea, ondotik formakuntza sail oso bat idekitzeko gai beraren haritik.