Donostiako Gipuzkoa Plazan, Aldundiaren eraikinaren aurrean elkarretaratze indartsua egin dute Gipuzkoako zahar etxeetan lanean ari diren emakumeek, LABek deituta. Euren gorputzak gerritik gora biluztu dituzte, salatzeko hitzarmenik gabe ere horrelaxe sentitzen direla.
Greba eta borroka egunak dituzte Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek. ELAk deitutako hilabeteko grebari, ostegun honetan CCOO eta LABek egindakoa gehitu zaio. Hala, LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute ostegun goizean Donostian, Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean: "Hitzarmenik gabe biluzik gaude!" leloa zeramaten kartelak erakutsi eta gerritik gora zapi more bat besterik ez dutela azaldu dira grebalariak.
Aski da! Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak nazkatuta daude aldundiaren eta patronalen jarrerarekin pic.twitter.com/K5NJXiWwCz
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) November 28, 2019
Lan-gatazka luze doa eta sindikatuen artean gorabeherak izan diren arren, langileek ez dute etsi, eta Donostiako ekintza da horrek erakusgarri. UGTk azaro hasieran ituna sinatu zuen patronalarekin soldatetan hobekuntza bat izateko, baina neurri hori guztiz eskas eta aldebakarrekotzat jo dute beste sindikatuek –gogorarazi dute UGTren ordezkaritza ez dela %10era iristen–.
Langileek jasaten duten soldata arrakala %30eko da, eta salatu dute beste behin prekarietatea eta matxismoa gurutzatzen direla erabat feminizaturik dagoen sektoreko auzi honetan. Hala, 5.000 langileri eragingo liokeen hitzarmen duina eskatzen dute eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazioa giltzarri dela diote, egoitza gehienak itunpekoak baitira. Zentzu horretan, foru erakundeari "gure aiton-amonekin negozioa" egin nahi izatea egotzi diote.
Gipuzkoako erresidentzietako gatazkaren inguruko erreportaje sakona idatzi du Onintza Iruretak ARGIAn: Bi urte hitzarmenik gabe