argia.eus
INPRIMATU
Hiru eguneko greba zikloari ekin diote Bridgestoneko Basauriko langileek, eta arratsaldean mobilizazioa egingo dute
  • Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 08a
Puente San Migueleko (Kantabrian) plantan beharginek eginiko lanuztea. UGT

Deialdiak langileen artean  jarraipen erabatekoa izan duela nabarmendu dute sindikatu deitzaileek –UGT, CCOO, ELA eta BUB–. Asteartekoaz gain, apirilaren 11n eta 15ean ere deitu dituzte lanuzteak, eta sindikatuek ez dute baztertu aurrerago greba mugagabe bati ekitea. Goizeko 5:00etan hasi dira piketeekin langileak, eta mobilizazioa antolatu dute arratsaldean, Basauriko plantatik abiatu eta herriko Arizgoiti plazan amaituko dena.

Sindikatu deitzaileek argudiatu dute grebara "enpresarekin negoziatzeko aukerarik ez" dutelako jo dutela: Japoniako pneumatikoen multinazionala da Bridgestone, eta Basaurin (Bizkaia) eta Puente San Miguelen (Kantabria) dituen plantetatik guztira 546 langile kaleratu nahi ditu. Langile batzordeari zuzendaritzak aurreko astean bidali zion erregulazio txostenak Bizkaiko plantan dituen beharginen ia herenari eragingo lioke –831 langiletatik 335eri–, eta Kantabriakoan erdia baino gehiagori –418 langile ditu eta 211 kaleratu nahi ditu–.

Sindikatuek eta enpresak erregulazio espedientearen baldintzak negoziatuko dituzten batzordea eratu zuten astelehenean. Mahai horretan UGT eta CCOO sindikatuek izango dituzte eserleku gehien –bakoitzak lau–, hiru izango ditu BUB ordezkaritza sindikalak eta bana ELAk eta SITB Bridgestoneko Langileen Sindikatu Independenteak.

Jarrera "lotsagarria" izatea eta "gardentasun falta" leporatu diote enpresari

Aurreko ostiralean bildu ziren enpresako greba batzordea eta Bridgestone, lanuzteak deituta dauden egunetan eskaini behar diren gutxieneko zerbitzuak negoziatzeko. Lehen bilera amaituta, zuzendaritzak negoziazioetan "jarrera lotsagarria" izan zuela salatu zuen greba batzordeak, eta enpresari leporatu zion "produkzioa lehenestea langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik". Basauriko Udalak kezka adierazi du kaleratzeek eduki ditzaketen "eragin ekonomiko nahiz sozialarengatik", eta Asier Iragorri alkateak iragarri du enpresako zuzendaritzarekin bilduko dela hemendik gutxira.