argia.eus
INPRIMATU
Hiru edo lau urteko zigorraren beldur da Pablo Gonzálezen abokatu poloniarra
  • Pablo González euskal kazetaria Polonian espetxeratu zutenetik urtebete igaro denean, EITBk kazetariaren abokatu nagusi Bartosz Rogala elkarrizketatu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 01
Bartosz Rogalari elkarrizketa, Pablo Gonzálezen abokatu poloniar nagusiari. Argazkia: EITB.

Pablo González euskal kazetaria Polonian espetxeratu zutenekin urtebete igaro denean, EITBk Bartosz Rogala elkarrizketatu du. Polonian juridikoki laguntzen ari zaion hiruko taldearen abokatu nagusia da, eta aurten espetxean Gonzálezek "gehien ikusi duen pertsona" dela azaldu du. Aplikatutako aurreneurriarekin eta epaiketaren amaierarekin, oraindik datarik gabe, ezkor agertu da. 

"Nire iritzia baino ez da, baina uste dut epaiketa batean kondenatzen badute, Pablok hiruzpalau urteko kartzelari aurre egin beharko diola", esan dio Rogalak Ane Irazabal kazetariari. Espioitza leporatzen diote eta Poloniako Zigor Kodean hamar urteko kartzela-zigorra izan daitekeela azaldu du abokatuak.

Rogalak adierazi duenez, Gonzálezen aurkako probak ezagutzen ditu baina ezin ditu publikoki zehaztu, Poloniako legeak zigortzen duelako. Gainera, kazetariaren aurkako ikerketa "hainbat herrialdetan" egiten ari dela eta horrek "prozesu penala luzatzen" duela adierazi du.

Gaur egun ez dago data aurreikuspenik epaiketarako. Aurreneurrizko espetxeratzerako ere ez dago mugarik; kasu honetan, ia automatikoki luzatzen jarrai daiteke hiru hilabetetan behin, abokatuaren arabera. Asteartean hiru hilabetez luzatu du berriro ere Poloniako Auzitegiak Pablo Gonzálezen espetxealdia.

Kazetariaren egoera espetxean

Euskal kazetariak espetxean duen egoera pertsonalari dagokionez, isolamendu-erregimena aplikatzen zaiola baieztatu du Rogalak. Horren arabera, egunean ordubete bakarrik atera daiteke ziegatik. Abokatuen eta senideen bisitak jaso ditzakeela gaineratu du, eta egoera "fisiko eta mental egokia" duela adierazi du, nahiz eta "giltzapetze-baldintza gogorrak" izan. 

Astearte honetan, Gasteizko Parlamentuak Pablo Gonzálezentzako behin-behineko espetxeratzearen luzapen berria salatu du EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin–IU alderdien adierazpenarekin. PP eta Vox-ek ez dute babestu ekimena.