DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.
Generalitateko Hezkuntza Sailaren dekretuko hainbat atal bertan behera utzi ditu ebazpenak, hala nola Matematikako aukera bakarra izatea (berriz ere bi aukerara pasako da, bata oinarrizkoagoa, bestea zailagoa); hautazko ikasgaiei eragiten dien atala; eta DBH4n eremuka aritzea. Espainiako Hezkuntza Legea hartu du oinarri ebazpenak, eta hala dio: “4. maila ikasgai arruntez eta hautazkoez osatuta dago, eta ikasgaiak eremuka batzea hautazko ikasgaietan aurreikusten da”. Joan den otsailean, Batxilergoan eremuka lan egitea bertan behera utzi zuen auzitegi berak.
Aspepc sindikatuak eraman zuen gaia epaitegietara, “metodologia honek irakaskuntza espezialitatearen printzipioa urratzen” duela iritzita. Ebazpenak “eremukako irakasle izan nahi ez duen” irakasle espezialistaren rola indartzen duela adierazi dute sindikatutik.
Ikasgaika ala eremuka?
Eremukako proiektuak epaitegietara eraman dituztenak irakasleak eurak izateak zer pentsatua ematen du, metodologia honekin guztiak ados ez dauden seinale. Proiektu beraren bueltan, materia eta eduki ezberdinak lantzea da metodologiaren funtsa, ikasgai bakoitza bere aldetik jorratu ordez nolabait batuta edo elkar-eraginez ikastea, diziplinartekotasuna oinarri.
Teoriatik praktikarako jauzia izan daiteke bat baino gehiago atzera botatzen duen arrazoietako bat, beti ez baita erraza suertatzen proiektu jakin baten bueltan materia bakoitzak eskatzen dituen kontzeptu, arlo eta edukiak lantzea. Proiektuarekin asmatu, irakasleen artean sinergiak bilatu eta ikasgelako martxan integratuta egoki aplikatzea lortzen duten hezitzaile ugariri, halere, eremukako proiektuez ongi hitz egiten entzun diegu behin baino gehiagotan.
Beti ez da erraza suertatzen proiektu jakin baten bueltan materia bakoitzak eskatzen dituen kontzeptu, arlo eta edukiak lantzea
Eremuka lan egiteaz aipatzen diren alde onen artean: ikasketa globalagoa eta transbertsalagoa da, praktikoagoa eta motibagarriagoa, diziplinartekotasunean oinarritutako proiektu erakargarrien bidez; erronkak planteatzen dizkie ikasleei; barneratutako kontzeptuak errazago ikasi eta aplikatzea dakar; ko-irakaskuntzarako aukera handiagoa ematen du.
Kontrara, ahots kritikoenen arabera jakintza/eduki gutxiago lantzen da; pentsamendu kritikoa eta erronkak lantzen jarri aurretik jakintza zehatzak ikasgaika ongi antolatuta eta hierarkizatuta barneratzea inportantea da; laguntza handiena behar duten ikasleen kalterako da (proiektuen testuinguru irekiengatik); zientzia eta matematiketako errendimendua kaltetzen du; sarri edukiak azaletik lantzea eta jakintza gutxiestea dakar; are, nahasgarriago izan daiteke edukiak benetan barneratzeko garaian; irakasleek ez dute zertan prestatuta egon beren materia ez dena irakasteko; eta eredua inplementatzeko arazoak ere aipatu dituzte, tartean Tere Maldonado HezkuntzArtea Irakasleen Elkarguneko kideak, ARGIAn: “Eremuka lan egitea ez da ari bermatzen diziplinartekotasuna, ikusten ari garenez”.