argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du
  • “Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko irakasleentzako akordioa lortu bidean. Etenaldia egin eta proposamen berri baten gainean negoziatzen jarraitzea adostu dute, ostiralean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko maiatzaren 08a

Arratsaldeko 16:00etan abiatu dute negoziaketa Hezkuntza Sailak eta sindikatuek, baina aurrez mesfidati agertuak ziren sindikatuek ez dute begi onez ikusi Jaurlaritzaren azken proposamena, eta hori horrela, Hezkuntza Sailak planteatu du etenaldia egin eta 19:00etan jarraitzea negoziatzen, beste proposamen baten gainean. “Bi ordutan proposamen berri bat egiteko gaitasuna baldin badute, proposamen berri hori bidal diezagutela, aztertuko dugula eta berriz ere bihar bilduko garela erantzun diogu”, azaldu digu Arbidek. Izan ere, azken negoziaketan gertaturikoa saihestu nahi izan dute, ordu txikiak arte segitu baitzuten mahaiaren bueltan, eta azkenean ez zuten akordiorik lortu.

Printzipioz, ostiral honetan eguerdiko 12:00etan elkartuko dira berriz ere.

Negoziazio mahaian aurkeztu duen proposamenaren hainbat puntu publikoki aurreratu zituen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak: Lehen Hezkuntzako ratioak 22 ikaslera jaistea, ikastetxe publiko guztietan irakasle kopurua handitzea, “beharrizan handiagoak” dituzten ikastetxeak indartzea, hizkuntza proiektuetarako aholkularitza handitzea, eta soldatari dagokionez, “irakasleentzako bidezko ordainsari-proposamena”.

Talka nagusiak

Azken negoziazioetan, hiru neurritan zentratzen ziren sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko talka nagusiak: burokrazia-lanak arintzeko batzordearen zehaztapena, baliabide pertsonalen kopurua, eta irakasleen soldatak. Elkarrizketa honetan kontatu genuen.

Joan den urtarril eta otsailean lau greba egun egin zituzten irakasleek; martxo eta apirilean, beste bost greba egun; eta bi aste barrurako, hirugarren greba zikloari hasiera ematea dute pentsatuta sindikatuek, ez bada lehenago akordiorik lortzen: maiatzaren 12tik 16ra, aste osoan greba dago deituta.