argia.eus
INPRIMATU
Bost greba egun berri iragarri dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan
  • LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein irakasleen kasuan ere".

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 11
ELA

Urtarrilean eta otsailean egindako "lau greba eta mobilizazio egun arrakastatsuei" beste bost batuko dizkiete sindikatuek, sukaldeko eta garbiketako langileen zein irakasleen hitzarmenak eguneratzea eskatzeko. Sukalde eta garbiketako hitzarmena 2009koa da, eta irakasleena 2010ekoa.

Hitzarmen berriak lortzeaz haratago, langileek borroka bateratzeko arrazoiak dituztela adierazi dute sindikatuek. "Lan-karga gero eta handiagoak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiro-baldintzak hobetzea, plantillak gaztetzeko plana garatzea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa bermatzea eta lanpostuak egonkortzea zentro publikoen bat-egiteen eta itxieren aurrean, horiek alde bakarretik erabakitzen ari baitira jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz". 

Hezkuntza ereduari dagokionez, besteak beste, eskatu dute "hezkuntza-sistema publiko osoa euskaldunduko duten hezkuntza-politikak abian jartzea", edo "hezkidetza plan egonkorrak eta kalitatezkoak garatzea".

Prentsa agerraldia egin dute sindikatuek Bilbon, greba egun berriak iragartzeko. Argazkia: LAB

Hezkuntza Sailari kritika

Hezkuntza Sailak izaten ari duen jarrera salatu dute sindikatuek: "Komunikabideen aurrean negoziatzeko prest dagoela esaten badu ere sailak, negoziazio-mahaietan jarrera itxia du, negoziazioa etengabe luzatzen du eta gatazkari zilegitasuna kentzen saiatzen da". Mobilizazioen helburua "aldarrikapen horiek lortzeko benetako negoziazioa bultzatzea" da, horien bitartez lortuko baita "sare publikoa erdigunean jartzea" eta "lan-baldintzak hobetzea"; beren esanetan.