argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legeak euskara eta euskal kultura ardatz hartzeko exijitu dute kulturgileek
  • Kulturgintzako sortzaile eta eragileek "kezka handiz" ikusten dute EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua, ez duelako kultur transmisioa bermatzeko neurririk zehazten. Larunbatean Durangoko Azokaren atarian egin dute legearen irakurketa kritikoa, eta azaldu dute proposamenak prest dituztela Hezkuntza Sailari bidaltzeko.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 12a
Durangoko Azokaren atarian kulturgileek Hezkuntza Lege proiektuaren irakurketa kritikoa egin dute. / Argazkia: Eitb

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza lege aurreproiektuaren harira, kulturgintzako sortzaile eta eragileek "kezka handia" agertu dute larunbatean, "ez duelako hezkuntza arautu eta ez arautuan kultur transmisioa bermatzen". Salatu dutenez, lege berriak ez du zehazten euskal kulturari espresuki uztartutako helbururik, eta ez du euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatuko duen erakunde edo funtzio iraunkorrik zehazten, besteak beste. Irakurketa kritikoa egin dute eta iragarri proposamenen dokumentua prest dutela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari igortzeko.

Katixa Agirre idazleak eta Imanol Epelde kultur eragileak irakurri dute kulturgileen testua, azokaren atarian. Bertan egon diren edo atxikimendua eman duten kulturgileez gain – horien artean, Iñaki Ziarrusta eta Eneritz Artetxe antzerkigileak, Iratxe Retolaza kultur ikerlari eta eragilea, eta Unai Iturriaga bertsolaria–, eskariarekin bat egin dute honako erakundeek ere, Berria-k jaso duenez: Jakin, Euskaltzaleen Topagunea, Hik Hasi, EIZIE, Bertsozale Elkartea, Ibaia, EHAZE, Musika Bulegoa, Galtzagorri elkartea, Dantzaz, Ahotsenea, Euskal Pen Kluba, Musikari elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea.

Kultur hezkuntza "jardun eraginkorrenetariko bat" dela aldarrikatu dute, besteak beste, pertsona sortzaileak eta kritikoak sustatzeko, nortasunaren garapena bultzatzeko, zein gizarte kohesioan urratsak egiteko. Euskarak eta euskal kulturak lotura zuzena dutela adierazi dute, eta elkar elikatzen dutela: "Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe, eta euskara normalizatu ezean, ez da kultugintza osasuntsu bat egongo", azaldu dute. Pasa den astean, euskalgintzako 211 adituk hezkuntza legeak euskara eta euskal kultura ardatz izatea exijitu zuten.

Lau kezka nagusi

Lau kezka zehatz azaldu dituzte kulturgileek. Hasteko, lege berriak ez du kultur hezkuntza edo hezkuntza artistikoa "funtsezko adartzat" jotzen. Bestetik, zirriborroak ez dakar euskararen eta euskal kulturaren egoera diglosikoari buruzko aipamenik. Hirugarrenez, ez dago euskal kulturari espresuki uztartutako helbururik. Eta, azkenik, aurreproiektuak ez du euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatuko duen erakunde, edo funtzio iraunkorrik zehazten.

Gauzak horrela, "euskararen eta bere kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak jartzeko" proposamenen dokumentua prestatu dute kulturgileek, eta "laster" dira Hezkuntza Sailari igortzekoak. Hala ere, proposamenei ekarpena egin nahi dien eragileentzat ateak irekita utzi dituzte.