argia.eus
INPRIMATU
Hernaniko Txosna Batzordea: “Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu”
  • Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau guztia antolatzen ari zareten taldeei argi esan nahi dizuegu aurrean izango gaituzuela".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko ekainaren 28a
D0zenaka lagunek parte hartu dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak egindako agerraldian. Argia CC-BY-SA

Ekainaren 23ko gauean izandako hiru erasoez gain, San Joan jaietan magrebtarren kontrako beste hainbat eraso izan direla esan du Hernaniko Txosna Batzordeak, eta horrelakorik ez dutela onartuko argi utzi nahi izan du.

Ostiralean, jaien azken egunean, agerraldi jendetsua egin dute dozenaka lagunek txosnagunean, batzordea osatzen duten eragileek deituta. Amher SOS Arrazakeria ere ondoan izan dute. San Joanetan gertaturikoa salatu eta alarma jo dute amaieran irakurritako oharrean.

Euren esanetan, Hernaniko erasoak ezin dira modu isolatuan ulertu, baizik eta mundu mailan gertatzen ari den "faxismoaren gorakadaren" testuinguruan. Hala, Txosna Batzordeak ziurtatu du Hernanin aste batzuk zeramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak bizitzen", eta jaietan oso gordin azaleratu dela hori guztia.

Txosna Batzordeak ziurtatu du Hernanin aste batzuk zeramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak bizitzen"

Gutxienez zortzi eraso izan dira

Agerraldian azaldu dutenez, larunbatean izan zen lehen erasoa magrebtar gazte baten aurka. Ondoren, San Joan gaueko momentu desberdinetan hiru talde eraso egin zituzten dozenaka lagunek, "eraso oso larri eta antolatuak hirurak". Eta orduan Ertzaintzak hainbat oldarraldi bortitz egin zituen Hernaniko erdigunean, baita txosnagunean ere. Txosna Batzordeak poliziaren "betiko jarrera" salatu du eta elkartasuna adierazi die zaurituei.

Baina eraso horiez gain, gau berean bost magrebtarren kontrako beste hiru eraso ere izan zirela ziurtatu dute txosnetako eta Amherreko kideek; eta "hori gutxi ez eta" hurrengo gauean beste magrebtar gazte batek jasandako erasoaren berri izan dute.

Denera, gutxienez zortzi eraso arrazista izan dira Hernaniko jaietan: "Hala ere, ziur gaude horiez gain, beste hainbat ere izango zirela", esan dute. 

Denera, gutxienez zortzi eraso arrazista izan dira Hernaniko jaietan: "Hala ere, ziur gaude horiez gain, beste hainbat ere izango zirela", esan dute txosnetako eta Amherreko kideek

Sare sozialak, gezurrak eta beldurra

Hernaniko Txosna Batzordearen esanetan istiluak "aitzakiatzat" hartu dira magrebtar gazteak "seinalatu, kriminalizatu eta jipoitzeko" –San Joan gaueko erasoak gazte batzuen artean zauritu bat eragin zuen liskarraren ostean egin ziren– eta ezin da halakorik onartu.

Gainera, sare sozialen, komunikabideen eta poliziaren ardura azpimarratu du, "gezurren, beldurren eta segurtasun ezaren" pertzepzioa "eraiki" egiten delako: "Oso larria da bortxaketa bezalako gertaerak asmatzea arrazismoa hauspotzeko", esan du, aurreko asteetan herrian zabaldutako bulo bat gogora ekarrita: "Bortxaketak banalizatzeko modua da, gainera. Ez erabili emakumeon gorputza eta gure ongizatea jatorri magrebtarreko gazteak deshumanizatzeko eta kriminalizatzeko", esan du.

"Oso larria da bortxaketa bezalako gertaerak asmatzea arrazismoa hauspotzeko. Bortxaketak banalizatzeko modua da, gainera. Ez erabili emakumeon gorputza eta gure ongizatea jatorri magrebtarreko gazteak deshumanizatzeko eta kriminalizatzeko"

WhatsAppean, kuadrillan zein parrandan, aurre egin jarrera faxistei

Horren guztiaren aurrean, hernaniarrei dei egin diete "herritar bezala" duten ardura "indibidual eta kolektiboa" hartu eta "ultraeskuinak hauspotzen dituen balio arrazistei aurre egiteko" esparru guztietan: "Sare sozialetan, WhatsApp taldeetan, kuadrillan, lantokian, kirol taldeetan, parrandan, familietan...".

Batzordea osatzen duten eragile guztiek eta Amherrek euren postura irmo azaldu dute: "Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diogu".

Hernaniarrei dei egin diete "herritar bezala" duten ardura "indibidual eta kolektiboa" hartu eta "ultraeskuinak hauspotzen dituen balio arrazistei aurre egiteko" esparru guztietan

Jaien amaierako mezuan ere bai

Hernaniko San Joan jaien amaieran, bandera jaitsiera egin duten Hernaniko Kronika-ko eta Kantaitako kideek ere aipamena egin diete jaietan bizitako erasoei.

"Pena handia eman digu egunotan zenbait albiste idatzi behar izatea", esan du Kronika-ko ordezkariak, eta bat egin dute arrazakeriari aurre egiteko zabaldutako mezuarekin.