21:00etan su artifizialak leherrarazi dituzte Martuteneko, Zaballako, Basauriko eta Iruñeko espetxeetan. Donostian, gauerdian, bigarren gauez izan da Oñatiko jendea presoen aldeko oihuak egiten. Aurten Ertzaintzak ez die megafonia erabiltzen utzi.
2022ko abenduaren 31n Hego Euskal Herriko espetxeak elkartasunez girotu dituzte, su artifizialak leherraraziz Martutenen, Zaballan, Basaurin eta Iruñean. Urruntze politika oraindik indarrean dela salatu dute ere: hemeretzi preso daude Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.
Bideo honetan jaso dute ekimena:
Martutenen, horrez gain, gauerdian sorpresa eraman dute presoek, bigarren urtez jarraian herritarrak urte berri on esatera eta animoak ematera joan zaizkienean. Batez ere Oñatiko jendea izan da –iaz auto bat, aurten bi–. Iaz megafonia bidez 23:30etatik 00:00etara elkartasuna sarrarazi zieten ziegetara. Zeresana eman zuen ekimena izan zen, baimenak izan arren, ertzain batek, bazihoazenean, autoaren leiho bat hautsi baitzien borra-kolpe batez.
Aurten Ertzaintzaren operatiboa zain zuten ekintzaileek, kaskoz eta armaz lekuan bertan jarrita. Megafonia erabiltzen edo adarra jotzen ez diete utzi. Halere, ordu erdiz –23:45etik 00:15era– oihuka aritu dira, presoen aldeko aldarriak eginez, eta preso politikoen izen-abizenekin animoak ematen.