PPk egindako kontsulta baten ostean hartu du erabakia hauteskunde-batzarrak. Araba Garoñarik Gabe plataformak deitutako manifestazioa “lehia politikoaren” barruan kokatzen dela, eta gogoeta-eguna oztopatzen duela ebatzi dute.
Plataformak helegitea jar dezake batzarraren erabakiaren aurka EAE Auzitegi Gorenean. Asteazkenean jakinaraziko dute euren erabakia Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurrean. Eldiario.es-en irakur daitekeenez, ez dute baztertu zapatuan adierazpena egitea Gasteizko Plaza Berrian.
Plataformak azaroaren 11n deitu zuen abenduaren 19an Gasteizen egiteko zen manifestazioa. Arabako Hauteskunde Batzordeak debekatzea erabaki du, Estatuko Hauteskundeen Araubide Orokorrari Buruzko lege organikoaren aurreikuspenen arabera ez duelako manifestazioko lema bateragarritzat hartzen.
Debekatu duten manifestazioa Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzearen aurkako protesta kanpainaren parte zen. Hainbat eragile sozial eta politikok egin zuten bat manifestaziorako deialdiarekin. Azaroan baimendu zuen Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) erreaktore ontziaren hobetzea, eta zentrala berriz martxan jartzeko lehen pausoa izan liteke. Hondakin nuklearrentzako behin-behineko biltegia eraikitzea ere proposatu zuen zentralaren jabeak, eta Espainiako Ingurumen Ministerioak urrian eman zion baimena.
Plataformak hauteskunde egunean Garoñaren Hauteskundeen egunean “Nuklearrik Ez” dioten ikurrekin bozkatzeko deia ere luzatu zuen.