Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo elkartuko dira Zarautzen. “Emozio handiz bizi izan dute gutun trukea”.
Haurren irakurketa taldeetako gidariak saretzen hasiak ziren hainbat herritan, elkarri lagundu, saioak bideratzeko ideiak partekatu, eta zein liburuk funtzionatu duen ongi aholkatzeko. Bilera horietako batean suertatu zen galdera: zergatik ez egin, kirol eta jarduera ugarirekin egiten den moduan, topaketa bat, literatur zaleek bestelako plan bat egiteko eta beste herrietako gazteak ezagutzeko?
Esan eta egin, ekainaren 1ean Zarautzen elkartuko dira. Topaketa girotzeko, aurretik gutun trukea egin dute Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailako 130 gaztek (9-12 urte inguruko haurrek). Zarautz, Oiartzun, Iurreta, Eibar, Elgoibar, Oñati, Berriz, Zestoa, Getaria eta Errenteriako ikasleak dira. Bikoteak erabakitzeko, irizpidea izan da beste herrietako bati idaztea –eta haren eskutitzak jasotzea–, eta irakurketa talde bakoitzak ahalik eta herri ezberdin gehienetan bilatzea bikotekidea.
Xabi Salaberria da antolatzaileetako bat, eta ARGIAri kontatu dionez, haurrek emozio handiz bizi izan dute proiektua. Batzuek hiruzpalau gutun idatzi eta jaso dituzte, beste batzuek gutxiago; “gehienen kasuan, oso ongi joan da”. Gutunetan zertaz idatzi zezaketen gomendatu zieten ikasleei: beren burua eta herria azaltzeko, gero zaletasunez aritzeko, “eta literatura presente egoteko ere eskatu genien, irakurri duten azken liburua komentatu edota gomendioak egiteko. Azken finean, irakurle taldeko kide dira denak, eta beraz zaletasun hori partekatzen dute”.
Irakurketa taldetik harago ilusio hori izateak, jende berria ezagutzeak, lagunak egiteak, asteburuko plan berezi batez gozatzeak irakurzaletasuna sustatzeko balio du
Ahozko istorioak, poesia eta ipuin-kontalaria
Igandean, Zarautzen, gutun bidez elkar ezagutu duten gaztetxoek aurrez aurre egingo dute topo. Eguna hasteko, ezagutza jolasak egingo dituzte, eta ondoren hiru tailer prestatu dituzte, hiru taldetan txandaka egiteko: ahozko istorioak kontatzeko tailerra, poesia tailerra eta Dorleta Kortazarren ipuin-kontaketa saioa. Ostean, elkarrekin bazkalduko dute eta arratsaldean txokoak egongo dira, lasai aritzeko. Eguna ixteko plana: elkarri liburu gomendioak egitea eta datorren ikasturterako topaketa nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen proposatzea.
“Horrek guztiak irakurzaletasuna sustatzeko balio duela uste dugu: hileroko irakurketa taldetik harago ilusio hori izatea, jende berria ezagutzea, lagunak egitea, asteburuko plan berezi batez gozatzea”, dio Xabi Salaberriak.
Hain justu, Nola irakurzaletu ikasleak ARGIAren mahai-inguruan, Salaberriak berak azpimarratu zuen irakurketa plazerarekin lotzeak duen indarra. “Urtetan zehar nola landu duzun, Lehen Hezkuntzan aurrera egin ahala haurrek zerekin lotzen duten irakurketa, eragina du, eta askotan irakurketa lotzen dute lan batekin, ulermen fitxa edo azterketa batekin. Praktikan ez badiozu irakurketari eskaintzen behar bezalako denbora benetan gozatzeko eta liluratzeko, eta aldiz irakurtzen duten aldiro bada gero lanen bat egiteko, hala barneratzen dute”.
"Ez badiozu irakurketari eskaintzen denbora gozatzeko eta liluratzeko, irakurtzen duten aldiro bada gero lanen bat egiteko, hala barneratzen dute"
Mahai-inguruko solaskideen mezu nagusietakoa izan zen irakurzaletasuna bultzatzeko oinarria sinplea bezain –garaiotan– konplikatua dela: benetan gozatzeko denbora eta patxada omen dira abiapuntua. “Fuera estimulu guztiak eta irakurri lasai, gustura, ez da gehiago behar, ez dago aditu izan beharrik”.