Arantza Tapiak apirilaren 27an sinatua dagoen agindua maiatzaren 10ean egin da publiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. 2030erako energia kontsumo osoaren %40 berriztagarria izatea eta 2050erako "ekonomiaren erabateko deskarbonizazioa" ditu helburu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial honek. 45 eguneko epea dago iritziak eta alegazioak aurkezteko.
Europar Batasunaren helburuak aipatuta, Tapiak sinatutako aginduak dio 2030. urtean energia guztiaren kontsumoaren %40 berriztagarria izatea nahi dutela eta "2050erako ekonomia erabat deskarbonizatzea lortu nahi" dutela.
Energian eta materialetan adituak diren hainbatek dudan jarria du posible ote den egungo eredu ekonomikoa erabat deskarbonizatzea. Antonio Turielek horri buruzko hitzaldia eman berri du Donostian, hemen dago osorik ikusentzungai.
Hasierako onarpena eman berri zaion Plan Sektorialak dio helburu horiek lortzearren "zalantzarik gabe, energia-iturri berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak hedatu beharko direla lurraldean, eta hedatze horrek, nahitaez, handiagoa izan beharko duela datozen urteetan". Zentral berriztagarri horien instalazioak ordenatzeko egin du Arantza Tapiaren sailak plan sektorial hau, eta instalazio hauek elementu hauekin "bateragarriak" izan daitezen zaindu dutela dio: paisaiarekin, kultura-ondarearekin, ingurune sozioekonomikoarekin, segurtasunarekin eta osasunarekin edo ingurumen-balioekin.
Hemen, "Lap-aren hasierako bertsioa" atalaren barruan, ikusgai daude neurri guztietako mapak, erakusten dutenak planaren arabera zein diren energia berriztagarri mota bakoitza ezarri ezin diren "esklusioguneak", eta aldiz, planaren arabera zein diren energia berriztagarri mota bakoitzaren kasuan zentralak ezarri daitezkeen "eremu egokiak".
Tapiak sinatutako aginduak dioenez, "Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak Ebazpena eman zuen 2023ko apirilaren 25ean, zeinaren bidez formulatzen baita Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-azterlan estrategikoaren irismen-dokumentua" (ebazpen hau ez dago eskuragarri Legegunea atarian).
Javier Aguirre Orcajo da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria eta "Ingurumen-Azterketa Estrategikoaren hasierako bertsioa" ikusgai dago hemen, "Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesua"-ren dokumentu guztiak ikusgai daude Jaurlaritzaren atarian. Ingurumen-Azterketaren hasierako bertsio honen arabera, berriztagarrien planak dakartzan onurak hauek dira: "Klima-aldaketaren airearen kalitatea eta gizarte-sektoreak izango dira energia berriztagarrien hedapenaren onura handiena jasoko dutenak, elektrizitate-ekoizpenean emisioak murrizteari eta energia horiekin lotutako enplegu-nitxo ugari sortzeari esker (diseinua, salmenta, ekoizpena, ezarpena, aholkularitza, ikerketa...)".
Aldiz, Ingurumen-Azterketaren hasierako bertsioak dio berriztagarrien planaren ondorioz "eragin negatiboa" izan dezaketela baliabide natural hauek, "behar bezala planifikatutako garapenen kasuan": paisaia, habitat-landaretza, fauna edo espazioen konektibitatea.
Energia berriztagarrien nolakotasunari eta kokapenari buruzko debatea pil-pilean da, Jaurlaritza argi berdea ematen ari zaien proiektuen berriak plazaratuz doazen einean. Hainbat herritan sortu diren taldeek hitzaldiak eta bestelako ekimenak martxan dituzte eta guztien artean manifestazio bateratu bat deitua dute maiatzaren 20rako, Gasteizen.