LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kolektibok deituta sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatu dituzte larunbatean Euskal Herriko hiriburuetan eginiko manifestazioetan. Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Ehgamek urtero banatzen duen Urrezko Hirukia saria.
LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bezperan, Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak argitaratutako oharrean, kalera ateratzeko dei egin zuen "sexu askapena eta harrotasuna" aldarrikatzera. Ehgamen, E28 koordinadoraren eta beste hainbat eragileren deiari jaramon eginda, milaka lagunek Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu zituzten larunbatean, E28ko manifestazioetan. "Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada", adierazi zuen mugimenduak ostiralean kaleratutako oharrean.
Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean antolatutako mobilizazioetan "Desio, gorputz eta lurralde askeak", "Transmaribibollook faxismoaren eta genozidioaren aurka" edota "Transfobiaren aurka, borroka kolektiboa" gisako leloak ozen oihukatu zituzten manifestariek.
Iruñean eginiko manifestazioaren bideoa, Ahotsa-ren eskutik:
Sexu askatasuna bultzatzen dutenentzako oroigarria
E28aren inguruan kaleratutako oharraz gain, Ehgamek sexu askatasuna bultzatzen duten kolektiboentzako Urrezko Hirukia saria banatu zuen ostiralean, urtero legez. Aurtengo ekitaldian, trans errealitateen errespetua, duintasuna eta despatologizazioa bermatzeko "adorea, argitasuna eta konpromiso politikoa" izateagatik egin diete aitortza Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeei. Saria jasotzean eginiko adierazpenetan, osasun arreta "transinklusiboa, deszentralizatua eta kalitatezkoa" aldarrikatu zuten kolektibo horiek.
Sexu askapenaren alde borrokan diharduten kolektiboek soilik ez, talde transfoboentzako saria ere banatzen du Ehgamek sari banaketan: Trapuzko Espartina. Maiatzaren 10ean TERF mugimenduak Bilbon antolatutako jardunaldi transfobo batek irabazi du aurtengo oroigarria.