Ostiralean, urriak 5, Münster hiriko epaileek erabaki dute eten egin behar direla Hambacheko basoa eraisteko lanak, auzitegiak gaiaren mamia ebatzi bitartean. Klimaren inguruko gatazkarik handienetako bat da Alemanian lignito ikatza ustiatzeko suntsitu nahi duten oihanaren inguruan piztu dena.
Ostiral eguerdian zabaldu denez, Münsterreko auzitegiak RWE enpresa energetikori jakinarazi dio Hambacheko basoan zuhaitzak moztu eta lur azal guztia urratzeko daukan asmoa eten egin behar duela. 12.000 urtez ustiagu barik egon den Hambacheko oihana eraisteko planaren kontra helegitea jarria zuen Bund erakundeak, Friends of the Earth erakundearen Alemaniako adarrak.
Ostegunean ARGIAk zabaldu zuenez,Alemaniako poliziak hasia zuen Hambach jendez husteko operazio zabal bat. Poliziak abuztuaren 31n xedatu zituen baso inguruak arrisku gune bezala, horrek eremua husteari dagokionez erraztasunak ematen baitzizkien (arrisku eremua ahotan hartuta identifikazio zenbakirik gabe jardun izan dute, adibidez). Ekintzaileen arabera, ordutik ia egunero esku hartu du basoan poliziak. Hambacheko basoa husteko lehen ahalegina irailaren 6an egin zuten, eta ordutik zuhaitzetan eraikitako 30 etxetik gora eraitsi dituzte. Urriaren 2an, astelehenean, ekintzaile guztiak kanporatu eta basoa guztiz hustu zuten polizia agenteek eta RWE konpainia elektrikoaren langileek.
Hambach basoak 4.100 hektarea zituen hasieran, baina RWE enpresaren esku-hartzea tarteko, gaur egun 200 hektarea besterik ez dira geratzen moztu gabe. Zuhaitz mozketak onartzen zituen aurtengo planarekin, RWE enpresak geratzen den baso zatiaren erdia moztu nahi du. Alemaniako basorik zaharrenetarikoa denaren milaka urtetako eboluzioa epe motzean suntsitzen ari dira.