argia.eus
INPRIMATU
“Intentsitate handiko” bi sexu eraso erregistratu dituzte Iruñeko sanferminetan
  • Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela indarkeria matxista amaiarazteko. 

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 15
Iruñean egindako elkarretaratzea igandean. Orain.eus

Azkenengo bi sexu erasoak astelehenean bertan salatu zituzten, sanferminetako azken egunean. Horietako bat "intentsitate handikoa" izan dela jakinarazi du Iruñeko Udalak. Datu ofizialak jaso eta gero hurrengoa adierazi du Mugimendu Feministak: "Erasoak dauden jai bat ez da berdintasunezko jaia. Nazkatuta gaude, baina lanean jarraituko dugu indarkeria matxista amaitu arte".

Mugimendu Feministak gogoratu nahi izan du zabaldu diren datuak erregistratutako salaketak baino ez direla, eta errealitatean sexu eraso gehiago egon daitezkeela nabarmendu du: "Horiek salaketak jarri dituzten emakumeen erasoak dira, baina badakigu salaketa jartzen ez duten edo laguntza eskatzen ez duten emakume gehiago daudela".

Hala ere, positiboki baloratu dute kaleetan jendeak eman duen erantzuna, manifestazio eta protestekin: "Kalean erakusten ari gara gaitzespena erabatekoa dela". Igandean, hain zuzen ere, ehunka pertsona protestatzeko bildu ziren Iruñean sanferminetako erasoak salatzeko. Herri mugimendutik instituzio publikoei eskatu diete indarkeria sexistari aurre egiteko arretara baliabide gehiago bideratzea.