Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest daudela adierazi du Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez.
"Balizko blokeo baten aurrean, bahiketak, atxiloketak –eta hortik ez pasatzea espero dut–, sektore publiko eta pribatu guztietako langile guztiak, emakumezkoak eta gizonezkoak, inplikatuko dituen greba orokorra behar bezala deitzeko prest gaude", adierazi du Maurizio Landini CGILeko buruzagiak.
"Nazioarteko uretan horrelako ekintza bat egitea gerra ekintza litzateke, bake misioa berretsi nahi dutenen aurka", gaineratu du Landinik.
Irailaren 21ean, astelehena, Gazako genozidioaren aurkako greba orokorra egin zuten Italian “Blocchiamo tutto” lelopean –“Blokea dezagun dena"–. Hirietako trafikoa nabarmen oztopatu zuten hainbat hiritan, autobideak oztopatu zituzten Turinen, Florentzian, Bolonian eta Erroman, trenbideak okupatu zituzten Turinen, Napolin eta Milanen, eta metroak gelditu zituzten Brescian eta Milanen. Azkenik, Genova, Trieste, Venezia, Livorno, eta Salernon portuak blokeatu zituzten. Milanen, istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean.
Orduko horretan, Italiako sindikatu nagusiak ez ziren deialdian sartu. Unione Sindacale di Base (USB), Confederazione Unitaria di Base (CUB), Sindacato Generale di Base (SGB), Associazione Difesa Lavoratrici e Lavoratori (ADL) eta Italian Syndicalist Union (USI) sindikatuek antolatu zuten.
Jarraitu lotura honetan flotillaren geokokapen eguneratua.