Polizia britainiarra ikertzen ari da ea Gloucester eskualdeko (Gloucestershire) gobernuak, zehazki lehendakariak, oposizioko hautetsiekin negoziatu eta hitzartu zuen Javelin Park erraustegiaren benetako kosteak ezkutuan atxikitzea. Urbaser multinazionalak –Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren 35 urterako kontzesioa duenak– lotutako kontratua agintariek aitortua baino %30 garestiago aterako zaie herritarrei, berrikitan jakin zenez.
Private-Eye astekariak zabaldu du albistea eta oihartzun handia ari da izaten Ingalaterran. Hedabideak Money to Burn (Dirua erretzen) albistean dioenez, Gloucester konterriko polizia ikertzen ari da ea eskualdeko gobernuko lehendakariak jokaldi bat antolatu zuen beste zinegotziek ezagutu ez zezaten Javelin Park erraustegiaren benetako kostea. Antza denez, gaur 80 urte dauzkan Brian Oosthuysen zinegozi laborista galdekatu du Knacker inspektoreak, xehetasun zehatz baten inguruan: ea egia den Peter Bungard lehendakariak 2015eko azaroan eskatu ziola ez bozkatzeko erraustegiaren benetako kostea erakustea eskatzen zuten helegiteen alde.
2015an hastear ziren Javelin Parkeko obrak eta ordurako agintariek Urbaserri onartua zioten hasierako kontratuan 17 milioi libratako kostea gehitzea. Bungard lehendakari kontserbadoreak zinegotzi laboristari, bozketan berekin batera segi zezan konbentzitzeko, esan zion erraustegia aurrera atera beharra zegoela nola edo hala, bestela administrazioak 100 milioi libra ordaindu beharko zizkiolako kontratistari.
ARGIAk urtarrilean zabaldu zuenez, eskandalua piztu da ekintzaileen bultzadaz lortu denean Gloucesterren eraikitzen ari diren Javeling Park erraustegiaren kontratua jendaurrean erakustea: agintariek eta Urbaser konpainiak orain artean defendatutako 500 milioi libren ordez, paperek erakusten dute 633 milioi libratik gora izango direla. Herritarrek informazio hori eskuratu zezaten erabakiorra izan zen Sid Saundersek Gloucesterreko udalaren atarian gose greba hamabost egunez egin izana.
Community R4C elkartea mobilizatu da urte hauetan Gloucesterreko agintariek benetako kontratua erakutsi zezaten eta hori lortutakoan auzitara eraman nahi dituzte, agintaritza eta Urbaser kontratista. Community R4Ck honela txiokatu du: "Irakur itzazue Private Eye-n Gloucestershiren daukagun ustelkeriaren berriak eta lagundu erraustegiaren kontratu ez-legezko eta sekretuaren kontrako gure borroka legala".
Check out @PrivateEyeNews for the latest from #Gloucestershire's own rotten borough - support our legal challenge against this unlawful and secretive #incinerator contract. https://t.co/AwEqChDm0y
— Community R4C (@CommunityR4C) February 20, 2019