argia.eus
INPRIMATU
Gloucesterreko erraustegiaren ‘zuloaren’ eskandalua Londresko parlamenturaino iritsi da
  • David Drew Gloucester konderriko diputatu laboristak Londresko legebiltzarraren bileran eskatu du hango erraustegiaren diru-kontuetan azaldu den zuloaz eztabaida publikoa abiatu dezatela parlamentariek: "Erraustegiarena proiektua katastrofikoa da, datozen 25 urteetarako sistema bati kateatu gaitu eta honek ez dio batere lagunduko hondakinen murrizte eta birziklatzeari". 

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko urtarrilaren 15
"Legebiltzarreko lehendakariak antolatu dezala erraustegiaren kontratuei buruzko eztabaida urgentea", esan du David Drew parlamentari laboristak. (Argazkia: Londresko legebiltzarra)

Eguberriotan Ingalaterran plazaratu eta ARGIAk duela aste bete zabaldu zuenez, eskandalua piztu da ekintzaileen bultzadaz lortu denean Gloucesterren eraikitzen ari diren Javeling Park erraustegiaren kontratua jendaurrean erakustea: agintariek eta Urbaser konpainiak orain artean defendatutako 500 milioi libren ordez, paperek erakusten dute 600 milioi libratik (669 milioi eurotik) gora izango direla. Herritarrek informazio hori eskuratu zezaten erabakiorra izan zen Sid Saundersek Gloucesterreko udalaren atarian gose greba hamabost egunez egin izana.

Albistea zabaldu eta berehala, Gloucesterreko oposizioko zinegotziek kostearen handitzeaz ikerketa independentea eskatu dute. Eta kiratsa Londres hiribururaino iritsi da. Orain jakin denez, David Drew Gloucestershire konderriko diputatu laboristak Londresko legebiltzarraren bileran eskatu du hango erraustegiaren diru-kontuetan azaldu den zuloaz eztabaida publikoa abiatu dezatela parlamentariek. Youtuben diputatuak berak ipini du galdera egin zueneko grabazioa:

Hona diputatuak bideo laburraren argigarri Youtuben gehitutako testua: "Ostegunean, urtarrilak 10, Gloucester konderriko erraustegiaren gaia eraman dut legebiltzarrera, eskatuz erraustegiaren kontratuei buruzko eztabaida premiazko bat. Jakin berri dugu Gloucester eskualdeko agintaritzak Javelin Park eraikitzeko 500 milioi librako kontratuari 100 gehiagoko gastuak gehitu dizkiola. Eta nire kezka da lekuko agintariok herritarren diru gehiago ari ote diren erretzen inbertsio txarrak diren eta ingurumena kaltetzen duten proiektuetan. Erraustegiarena proiektu katastrofikoa da, datozen 25 urteetarako sistema bati kateatu gaitu eta honek ez dio batere lagunduko hondakinen murrizte eta birziklatzeari. Nik jarraituko dut gai honi buruzko debate parlamentario oso bat eskatzen".

Wikipediaren esanetan, David Drewk beti eduki ditu posizio pertsonal eta zorrotzak gai nagusietan, esate baterako Irakeko gerraren edo lege antiterroristaren kontra horiek bultzatu zituen Tony Blairren garaian. Jeremy Corbin oposizioko gaurko lider laboristak Drew dauka izendatuta Nekazaritza gaietarako itzaleko ministro.