argia.eus
INPRIMATU
Glovok 206 banatzaileren 248.000 euro ordaindu beharko dizkio Gizarte Segurantzari
  • Nafarroako Sozial Arloko 1. Epaitegiak atzera bota du Glovok 2022ko azaroko epaiari jarritako helegitea. Helegitearekin, Glovok banatzaileak ez direla haren enplegatu berretsi nahi zuen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko irailaren 14a
Argazkia: Food

Auzitan zegoen epaia Sozial Arloko 1. Epaitegiak 2022ko azaroan emandako zen. Horren arabera, aintzat hartu zuen Estatuko Gizarte Segurantza Nagusiak Nafarroako Glovoren aurka jarritako salaketa. Epai hark onartzen zuen 2018ko urria eta 2019ko abuztu artean Nafarroako Glovoko 206 banatzaile enpresa horren langile izan zirela eta ez langile autonomoak.

Funtsean, epaiak azaltzen du enpresak nola egiten duen lan banatzaileekin eta nola arautzen duen haren lana bere algoritmoekin, eta horren ondorioz, banatzaile horiek ez direla autonomoak baizik eta Glovoren langile. Oraingo epai honek bat egiten du Espainiako Auzitegi Gorenak 2020ko irailean emandakoarekin, zeinak argi finkatzen zuen Glovo eta haren banatzaileen arteko langile harremana.

Epaiaren ondorioz, Glovok estatuko Gizarte Segurantzari ordaindu beharko dizkio 248.738 euro, eta epaiak eragiten dien 207 langileek eskatu ahal izango dizkiote Gizarte Segurantzari bere garaian epe horretan haien patrikatik autonomo gisa egindako ordainketak.

Orain, Glovok erabaki beharko du helegitea Nafarroako Auzitegi Nagusira Eramango duen hala ez. Hala ere, oso gaitza izango da aurrerantzean Glovok eta antzerako enpresek beren banatzaileen autonomia ikuspegia defendatu ahal izatea. Aipatu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaz gain, 2021etik indarrean da Rider Legea, eta horrek ere bultzatzen du enpresa horiek banatzaileak soldatapeko langiletzat hartzera.