argia.eus
INPRIMATU
Gizarteratze eta integrazio on baten alde
  • Aniztasuna ez da berez ona edo polita, edo txarra eta itsusia. Aniztasuna preziatzen dugu onerako denean.

Agustin Unzurrunzaga 2016ko otsailaren 18a
Immigranteen gizarteratzea, gizartearen eraikitze-prozesuaren zati bat da. (Irudia: Joseba Larratxe)

Aniztasuna eta dibertsitatea nabariak diren gizartean bizi gara. Eta munduaren bilakaera kontuan hartuta, gauzek hala jarraituko dutela iruditzen zait. Gure gizarte hau beti izan da anitza, gizarte gehienen antzera. Europako zati txiki bat gara, eta Europako beste lurraldeetan gertatu den bezala, migrazio diferenteen topaleku izan gara historian zehar.

Aniztasuna ez da berez ona edo polita, edo txarra eta itsusia. Aniztasuna preziatzen dugu onerako denean, eta guztiontzat aberasgarria izatea nahi badugu, ondo kudeatu beharko dugu gaia, kontuan hartuz normalean arazoa ez dagoela diferentzien objektibotasunean, hauei ematen diegun garrantzi politikoan baizik.

Esperientziak erakusten digu integrazio mota asko daudela, eta batzuk ez direla batere interesgarriak, gizartearen periferian gauzatzen direnak, bazterketa kulturala eta laborala gainditzen ez dutenak

Azken 35 urteetako immigrazioak aniztasun berri bat erantsi dio gizarte honi. Aurreko immigrazioekin konparatuz, hiru ezaugarri nabari ditu: bat, etorri direnak atzerritarrak dira zentzu politiko eta administratiboan; bi, herrialde diferente askotatik etorri dira; hiru, migrazioa bera ere oso anitza da. Immigrante berri horiek ez dute, guk dugun bezala, nazionalitate espainola, eta horrek ondorio politiko, sozial, ekonomiko eta ideologiko nabarmenak ditu beraien egoeran. Atzerritar izatea, edozein tokitan, baita hemen ere, ondorioz kargatutako egoera da.

80ko hamarkadan hasitako ziklo migratorio handia, 2008an eztanda egin zuen krisiaren eraginez eten egin zen. Sarrerak nabarmen gutxitu dira eta irteerak gehitu, bai bertan finkatuta zeuden immigranteenak eta baita bertakoenak ere, batez ere gazteenak. Migrazio saldoa negatiboa da 2010az geroztik, hau da, bertatik atzerritar gehiago joaten dira, sartzen direnak baino. Gaur egun, immigrazioa eta emigrazioa uztartzen dituen lurralde bihurtu gara: guztiok, edozein momentutan, migrari izan gaitezke. Krisiaren ondorioak izugarri gogorrak izan dira guztiontzat, eta bereziki immigranteentzat. 2008an, EAEen, langabezia tasa orokorra %6,3koa zen, eta bertan bizi ziren atzerritarrena %15,6koa. 2014an, langabezia tasa orokorra %16,23ra iritsi da, eta atzerritarrena %46,97ra.

Immigranteen gizarteratzea, gizartearen eraikitze-prozesuaren zati bat da. Integrazioak gizarte berrian eranstea suposatzen du, bazterturik ez geratzea, errealitate sozial berri bat bultzatzea bertan gauden guztion artean eta guztion parte-hartzearekin, bizikidetzarako espazioa sortuz, non guztiok izango dugun babesa, onarpena eta errespetua. Horrek esan nahi du integrazioa ez dela immigranteei dagokien afera, guztiona baizik. Hankamotz geratuko litzateke beraien ahalegin soila izango balitz. Guk baita ere, autoktonoek, bertakoek edo nahi den bezala esan, ahalegin berdina egin beharko dugu egoera berrietara egokitzeko. Kontua ez da, edo ez da soilik, beste leku batzuetatik etorritakoak gai izango diren edo ez gure balioetara egokitzeko, baizik eta gu geu praktikan gai izango garen aldarrikatzen dugun balioetan gure burua integratzeko: askatasuna, berdintasuna eta justizia bezalako balioetan.

Gizarteratze on baten aldeko jardunean, eremu diferenteetan saiatu beharko dugu: bat, esparru juridiko-legalean, estatus legal berezian egotearen ondorioetan; bi, lan esparruan eta ekonomikoan, arreta ipiniz gai sozialen etnifikazioa eman ez dadin; hiru, etxebizitzaren eremuan, hirian bizitzeko eta espazioa partekatzekoan; lau, hezkuntza esparruan; bost, giza-harremanen esparruan, ohiturenean, espazio publikoan egokitzearenean; sei, gizarte-zerbitzu eta gizarte-prestazioen esparruan; zazpi, esparru kultural eta identitarioan; zortzi, esparru politikoan, eskubide politikoen eremuan; eta bederatzi, aurreiritzi, estereotipo, zurrumurru, xenofobia eta arrazakeriaren aurka borrokatzearenean. Neurri batean edo bestean, eremu horietan guztietan jardun beharko dugu.

Esperientziak erakusten digu integrazio mota asko daudela, eta batzuk ez direla batere interesgarriak, gizartearen periferian gauzatzen direnak, bazterketa kulturala eta laborala gainditzen ez dutenak. Integrazioa prozesu konplexua da, eta sarri belaunaldietan luzatzen dena. Ahalegina eskatzen du eta eskubideetan berdinak izatearen aldeko praktika sozialak bultzatzea. Edo, beste modu batera esanda, integrazio kulturalak eta sozialak eskutik joan behar dute, aintzat hartuz hemen, gaur egun behintzat, lan eremuan (langabezia, pobrezia, lansarien diferentziak...) eta eremu sozialean (ohiturak, harremanak, aurreiritziak...) ematen direla arazo handienak.

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.