argia.eus
INPRIMATU
Gironan infiltratutako poliziaren amak ere parte hartu zuen muntaian
  • Infiltratuarekin harreman sentimentalak eraiki zituen herri mugimenduetako militanteak haren amarekin izandako tratuaren berri eman du. Bera ere emozio eta sentimenduetan oinarritutako antzerkiaren parte izan zela salatu du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 20a
Espainiako Polizia infiltratuaren eta bere amaren irudia / Argazkia: La Directa

Gironako mugimendu eta eragileetan infiltratutako Espainiako poliziaren amak ere parte hartu zuen emozio eta sentimenduetan oinarritutako estrategian. La Directak atera du argitara ostegunean, eta azaldu du infiltratuaren amak paper garrantzitsua jokatu zuela prozesu guztian; izan ere, "emozio handiz" bizi izan zuen militantea ezagutu eta berarekin eraikitako harremana. Hedabidearen esanetan, lehen aldia da infiltratu baten familiak poliziaren estrategian parte hartzen duela jakiten dela.

“Mariak ezin du infiltratua izan, bere ama ezagutzen dut eta haien etxean egon naiz”, esan zuen militanteak bere bikotekide ohia Espainiako Polizia dela jakin zuenean. Infiltratuaren ama ezagutu zuenean “beso zabalik” jaso zuen, eta aipatu zion konfidantza transititzen ziola bere alabarekin biziko zela jakitean.

Militantearen gertukoek ere harriduraz jaso dute berria, eta gogoan dute bien artean izandako dei bat: “Whatsapp bidez deitu zion eta ‘Loco por ti’ eta ‘La Habanera‘ kantuak abesten hasi zen ama txiskero bat eskuan zuela, hori guztia militantearen urtebetetzea ospatzeko”, azaldu dute.

Amaren benetako pentsaera

Amak bere Facebook kontuan katalanen eta independentisten aurkako hainbat irain argitaratu zituen. 2017ko urriaren 1a probestu zuen politikoki ideia batzuk zabaltzeko. Esaterako, CUP alderdi politikoko kideak “aberriaren traidoreak” edo “perroflauta” gisa izendatu zituen. Gainera, hainbat argazki ere argitaratu zituen diktadura kolpista nazi gisa izendatuz mugimendu independentista. Gaur-gaurkoz, bertako eduki guztia ezabatua du.