argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Foru Aldundia ez da azaldu zaharren egoitzetako gatazka lantzeko bilerara
  • Asteazkenean zeukaten biltzeko hitzordua egina gatazkako alderdi guztiek, afera bideratzeko. Sindikatuek eta enpresek bat egin dute bileran, baina Diputazioko ordezkaririk ez da agertu.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 12a
Zahar etxeetako langileak, asteazkenean Donostian (Argazkia: ELA)

ELAren eskariz, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak deitu zuen bilera, gatazkako alde guztiak hitzartuz: sindikatuak, enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, alegia. Bileran, patronalak eta sindikatuek bat egin dute, eta Foru Aldundiko ordezkaririk ez da agertu. ELAko ordezkari Txomin Lasak salatu egin du Diputazioak kale egin izana, eta jokabide hori kritikatu du: “Arduragabekeria iruditzen zaigu; are gehiago, errespetu falta”.

Gatazka enpresen eta sindikatuen artekoa dela eta konponbidea beraiek bilatu behar dutela argudiatu izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik. Konponbiderako urratsak zapuztea leporatu dio behin baino gehiagotan ELAk Aldundiari: sindikatua negoziaketa mahaitik kanpo badago ere, patronalarekin harremanetan aritu da, eta hitzarmen bat sinatzeko bidea ere ireki zuen; sindikatuak jakitera eman duenez, ordea, Foru Aldundiak zapuztu zuen bide hori. Gaurko huts egitearen ostean, LAB sindikatuak ere hitza hartu du, eta adierazi Aldundiak gatazka honetan esku hartu beharko lukeela.

2018ko irailetik ari dira protestan Gipuzkoako zaharren egoitzetan eta eguneko zentroetan lan egiten duten gerokultoreak, erizainak eta garbitzaileak. Lan hitzarmena berritzeko negoziaketak aurrera egiten ez zuela ikusita, greba hasi zuten. Ordutik 60 greba egun baino gehiago deitu ditu ELA sindikatuak, eta 20tik gora LAB sindikatuak.