argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako aberastasunaren gaineko zerga kentzeko lehen pausoa eman dute EAJk, PSEk eta PPk
  • Lege erreformaren proiektuari EH Bilduk egindako osoko zuzenketa atzera bota dute eta urtea amaitu baino lehen enpresetako partizipazioak salbuetsita geratuko lirateke guztiz.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko abenduaren 10

Urrian aurkeztu zuen Gipuzkoako Ogasun diputatuak aurreko foru gobernuak indarrean jarritako Fortuna Handien Gaineko Zerga erreformatzeko proiektua. Asteazkenean Batzar Nagusietan eztabaidatu zuten, eta azken uneko sorpresarik ezean, Bilduren fiskalitate progresiboaren ikur izan den zerga kenduko dute EAJk, PSEk eta PPk urtea amaitu baino lehen.

Osoko bilkurako eztabaidan, Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak zerga defendatu zuen, eta adibide bat jarri zuen: “Asko al da 4 milioi euroko enpresa-partizipazioak dituenak urtean 4.900 euro ordaintzea?”. Bere esanetan zerga horren bidez 38 milioi eurotik 59 milioi euro biltzera igaro dira eta “atzerapausoa” da hori kentzea.

Podemos-Ahal Duguko ordezkariak EH Bilduren zuzenketarekin bat egin zuen eta PSEri zuzendu zitzaion: “Gipuzkoarren gehiengoan pentsatu beharko luke eta ez aberatsenen mesedetan”.

EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak azaldu zuen jarduera industrialarentzat “oztopo” bat dela eta horregatik salbuetsiko dutela enpresetan partizipazioak edukitzea.

Adegi enpresaburuen elkarteak behin baina gehiagotan egindako eskariarekin bat egiten du, horrela, Gipuzkoako oraingo foru gobernuak ekimen honekin. Jose Miguel Ayerza Adegiko idazkari nagusiaren esanetan zerga horrek “bokazio enpresarialak uzkurtzen” omen ditu.

Urtea amaitu baino lehen onartuko duten foru arauak “premiarik handienaz egin beharreko aldaketak” baino ez ditu jasotzen. Baina arauak berak dioenez, EAJ eta PSE datorren urterako zerga berri bat diseinatzen ari dira, “modernoa eta gaurkotua”.