argia.eus
INPRIMATU
13 urteko kartzela zigorra Greziako Egunsenti Urrekara talde neonaziko buruzagientzat
  • Bost urteko prozesua amaitu ostean hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri diete greziar alderdi neonaziko kideei, tartean Nikolaos Michaloliakos, Egunsenti Urrekara alderdiko buruari. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 14a
Egunsenti Urrekara taldeko buruzagien aurkako kartzela zigorrak eskatu ditu fiskaltzak.

Joan den astean epai historikoa eman zuen Atenasko auzitegiak Egunsenti Urrekara erakunde kriminaltzat joz eta aste honetan berriz, taldeko buruzagitzaren aurkako kartzela zigorrak ezarri dituzte epaileek. Hamahiru urte bete beharko dituzte kartzelan Ekathimerini hedabidean irakurtzen denez: Michaloliakos zigortzeaz gain, alderdiko beste zazpi kide ere zigortu ditu Maria Lepenioti epaimahaiburuak.

Alderdiko beste hamaika parlamentari ohi ere kartzelaratu dituzte bost eta zazpi urteko zigorrekin, talde kriminaleko kide izatea egotzita.

Ikerketa kriminala 2013ko irailean hasi zen, Pavlos Fyssas rap abeslaria hil ostean. Giorgos Roupakias zuzeneko arduradun eta konplize gisa zigortu dute, honenbestez, biziarteko kartzela zigorra eskatu dute haren kontra, baita zazpi eta hamar urte arteko zigorrak ere konplizeentzat.

Egunsenti Urrekara herrialdeko hirugarren indarra izatera iritsi zen Greziaren zor krisiaren erdian, Parlamentuko 300 eserlekuetatik lortuz, baina azken hauteskundeetan ez zuen ordezkaritzarik lortu. Joan den astean erakunde kriminal gisa identifikatu zuten. Buruzagiek ustezko jazarpen politikoa salatu dute, eta gainerako alderdiek publikoki ospatu dute epaia.