ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek salatu dituzte Zumaiako Udal gobernuak kartel, pankarta, pegatina eta muralei ezarritako debekuak. Hiru urte bete dira espazio publikoaren erabilerari alde bakartasunez ezarritako debekuak indarren direnetik, eta ordutik herrian polemika ez da eten.
Otsaileko udalbatzan eztabaidatu zuten Zumaiako Kalea Guztiona Da mugimenduak aurkeztutako mozio bat. Mozioaren helburua zen Udal Gobernuaren neurriak bertan behera utzi eta herrian adierazpen askatasunaren gaiari heltzeko "zumaiarren eta herriko eragileen egiazko parte-hartze prozesua" abiatzea. Proposamenak aldeko eta kontrako seina boto jaso zituen, EAJ-ren taldea utzitako zinegotziaren abstentzioarekin. Azkenean, alkatearen "kalitatezko botoak" atzera bota zuen mozioa.
Herritarren parte hartzeari ateak itxita, Zumaiako ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek adierazi dute 2016ko otsailean piztu zen auziari "orain irtenbidea emateko aukera galdu duela" Zumaiako alkateak. Eta hala, duela hiru urte sindikatu hauek herriko beste 30 bat eragilerekin batera esandakoa berretsi nahi izan dute: “Adierazpen askatasuna modu zabalean bermatu behar du Udalak zentsura kutsurik gabe".
Udal Gobernuak orain bi urte aurkeztu zuen garbiketa ordenantzaren zirriborroan, adierazpen askatasunaren ikuspuntutik arriskutsuak diren elementuak atzeman zituztela azpimarratu dute. Eta bereziki, kalean edozein mezu plazaratzeko alkatearen aldez aurretiko baimena eskatzea ez dela zuzena irizten diote. "Sindikatuok, gure adierazpen askatasunaren baitan, aldarrikapenak plazaratzeko hainbat tresna erabiltzen dugu, kartelak, pankartak eta abarrak. Horien edukiak langileok erabakitzen ditugu, egokien den moduan jendaurrean adierazteko. Horregatik Udalaren jarrera hori esku sartzea litzateke askatasun sindikalean".
Espazio publikoaren erabilera, herritarren adierazpen askatasuna eta agintarien zentsura barnebiltzen dituen dema honetan, konponbide bat bilatzeko sindikatuek Zumaiako Udal gobernuari eskatu diote bi faktore kontuan hartzeko. Batetik, adierazpen askatasuna definitzea ahalik eta adostasun zabalenarekin. Eta bestetik, herriko garbitasunari begirako neurriak adostasunez hartzea, “txukuntasunaren eta pentsamendu askearen arteko talka ekiditeko".