argia.eus
INPRIMATU
Gazteek soldataren ia erdia bideratzen dute etxebizitza ordaintzera, baina itxaropentsu agertu dira
  • Helburua eta nahia emantzipatzea da. Inkesta zabal batean parte hartu duten Hego Euskal Herriko gazteen %95ak emantzipaturik ikusten du bere burua bost urteko epean. Gaur egun emantzipatu diren gehienak Araban bizi dira; gutxiengoa Gipuzkoan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko azaroaren 29a
Astearte eguerdian Gasteizen eginiko agerraldia, politikarien aurrean. (Argazkia: Gurea Geroa)

18 urtetik 35 urte bitarteko Hego Euskal Herriko sei mila gaztek bete dute Gurea Geroa plataformaren inkesta, era birtualean, joan den udaberrian. Jasotako datuen arabera, %56a emantzipaturik bizi da eta gainontzeko %44a, aldiz, familiarekin. Emantzipatzeko batez besteko adina 25 urtekoa da –oro har emakumeak dira goiztiarrenak–; datu horrek ezbaian jarri du Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Gazteen Euskal Behatokiak emandako zifra, 29,7 urtekoa. Txostenaren egileen arabera, ezin izan dute identifikatu ezberdintasun horren jatorria.

Errepara diezaiogun emantzipaturik bizi direnen pertsonen profilari, zeina 18 eta 35 urte arteko lagina hartuta, aipatu bezala, erdia bizi den emantzipaturik: %40 pisukide batekin edo gehiagorekin bizi da, %35 bikotekidearekin eta %22 bakarrik. Gurasoen etxetik alde egin duten gazteen kasuan, nabaria da sortze-etxetik egungo etxera dagoen distantziaren afera. Laginaren hamarretik hiruk hogei minutura baino gutxiagora dute gurasoen etxea; adinari erreparatuta, urrunen bizi direnak 20 eta 25 urte artekoak dira.

Ez emantzipatzeko arrazoien artean, gaitasun ekonomiko eza da nagusia: emantzipatu ez diren gazteen %86k esan du hori –20 eta 25 urte bitartekoen artean, hamarretik bederatzik–. Iritzia eman duen bitik batek esan du bere egoera ekonomikoa “txarra” dela.

Emantzipatu bai, ahal bada etxea erosita

Inkesta bete duten gazteen artean, bost urteko epean ia-ia guztiek emantzipaturik ikusten dute euren burua. Areago joanda, alokairuaren aukera baztertu nahi dute hamarretik zortzik. Txostenean jaso dituzte hainbat gazteren hitzak, eta oro har salatzen dute bideraezina dela etxebizitza bat erostea, eta alokairura jota, unean ordaintzeko erosoagoa bada ere, gero eta erronka zailagoa bihurtzen ari dela.

Bitik batek dio bere egoera ekonomikoa "txarra" dela

Laguntzen aurrean, ezezagutza

Inkesta bete duten hamarretik zazpik ez dute ideiarik ere zer den Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programa, eta erakunde beraren beste laguntza eredu bat, etxebizitza librea erabileran ematen dituena, soilik %7k ezagutzen du.

Zubi lana Eusko Legebiltzarrarekin

Gurea Geroa programako kideek aipaturiko emaitzak eta gehiago azaldu dizkiete Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei astearte eguerdian eginiko agerraldian. Emantzipazio nahia “hain agerikoa” delakoan, plataformak uste du abian jarri behar direla politika zuzenak.

Etxebizitzaren eta emantzipazioaren auziari aurre egiteko, horregatik, 100 proposamen jaso ditu txostenak. Besteak beste, honako eskaera hauek egin dituzte: alokairuen prezioa eremuka arautzea, pisu turistikoak neguan gazteei alokatzea, prezioak gelaka antolatzea eta etxebizitzen tasa jaistea.