argia.eus
INPRIMATU
Gazteak protestan Marokon: “Ez dugu Munduko Koparik nahi; osasuna eta hezkuntza hobea nahi ditugu”
  • Deialdiak eta asanbladak sare sozialen bidez eginda, protesta jendetsuak ari dira izaten Marokon, hala nola Rabat hiriburuan eta Casablanca eta Tanger hirietan. "Egiturazko erreformak" eskatzen dizkiote gobernuari.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 30
AFP

38 milioi pertsona inguru bizi dira Marokon, eta horietatik 8,2 milioik ditu 15 eta 29 urte artean. Langabezia-tasa oso handia da: batez beste, 24 urtetik beherakoen ia erdia (%46,1) dago langabezian, eta horien erdia, hau da, 15 eta 24 urte artekoen %25 inguru, ez dira ari ez lanean eta ez ikasten. Kexu dira ikasketak garestiegiak direlako haien poltsikorako. Lan egin nahi dute, eta ez etxean gelditu ezer ere egin gabe; Marokoko Le Desk egunkari digitalean irakurri daitekeenez.

Marokoko Gobernuari "hezkuntza eta osasun hobea" eskatzen dizkiete, erreformak exijitzen dituzte, herrialdea bizigarri izateko. "Marokon bizi nahi dugu; emigratzea ez dadila aukera bakarra izan", adierazi dute hainbat gaztek Le Desk-eko erreportaje horretan. Europa Press albiste-agentziak jasotako txosten baten arabera, hiru marokoarretik batek aitortu du herrialdea uztea pentsatu duela noizbait; 18 eta 29 urteko gazteen kasuan, %55ak. 

Ez dira protesta isolatuak

Ez dira oraintsu hasi protestan, baina joan den larunbataz geroztik areagotu egin dira mobilizazioak, baita errepresioa ere. Hiru gauez jarraian, Rabat hiriburuan, denera 300 pertsona baino gehiago atxilo hartu ditu Poliziak. Rabaten bizi den Marc Ferrà kazetariak Ser irrati-kate espainiarrean kontatu duenez, astelehen gauera arte bederen, manifestariak "era baketsuan" aritu dira aldarrikapenak egiten, ehunka polizia-agentek inguratu dituzte, eta aitzakiarik ere ez dute behar izan manifestarien aurka egiteko, edo atxilotzeko. Komunikabideekin hitz egite hutsa atxilotzeko motibo bihurtu zaie. 

Badira faktore gehiago. Ferrà kazetariak irratian esan duenez, azken aste eta hilabeteetan "hainbat emakume" hil dira osasun-etxeetan, erditzera joan eta zerbitzu eta baliabide eskasiek eraginda, eta protestak eragin ditu horrek ospitaleen atarietan. Horrez gain, duela bi urte lurrikara indartsu batzuk jazo ziren Marokoko hainbat lekutan, eta gobernuak hitzeman bazuen ere laguntza ekonomikoak emango zituela, ez da apenas ezer egin. Bestalde, Israeli boikot egiteko mezua ere badute manifestariek; Marokoko Gobernuari eskatzen diote estatu sionistarekin harreman diplomatiko eta ekonomiko oro eteteko.

Rabaten ez ezik, Tanger eta Casablanca hirietan ere ari dira mobilizatzen. Azken bi horietan, Marc Ferrà kazetariak El Periódico de Catalunya-n idatzi duenez, jendetsuagoak ari dira izaten protestak, baina komunikabide gehienak Rabaten zentralizatzen direnez, Poliziak ez du esku horrenbeste hartu. 

Munduko Futbol Txapelketa

2030eko Munduko Futbol Txapelketa Marokon, Portugalen eta Espainian jokatuko da. Eta aurrez, Marokon, Afrikako Futbol Kopa egingo da negu honetan. Halako tamainako txapelketa antolatzeak iraganean beste hainbat herrialdetan eragin bezalaxe, obra eta inbertsio handiak egitea dakar. Rabat hiriburuan, soil-soilik, bi futbol estadio handi ari dira eraikitzen, eta zenbait hotel ere bai, atzerritik joango den jende guztia hartzeko.

Marokoko Gobernuak dio ez duela "gaitasun ekonomikorik" osasungintzan eta hezkuntzan "egiturazko erreformak" egiteko, hala diote manifestariek, baina bien bitartean "sekulako inbertsioak" ari dela egiten halako azpiegituretan.

Gazteak lehen lerroan

Nepalen eta Madagaskarren azken hilabetean gertatu bezala, Z belaunaldia edo gazteria ari da protestak gidatzen Marokon. Mobilizazioak antolatzeko era, orain arte ikusi gabekoa da. Bi kolektibo anonimo daude protesten atzean: GenZ212 (hau da, Z belaunaldia + Marokoko aurrezenbakia, 212) eta Morocco Youth Voice (Marokoko Gazteen Ahotsa).

Facebook eta Discord sare sozialen bidez ari dira antolatzen. Bideo-deiak egiten dituzte, asanblada birtualak. Igandean, 3.000 pertsona baino gehiago egon omen ziren konektatuta, gau horretako eta ondorengoko mobilizazioak antolatzeko. Txandaka eta azpi-taldetan hitz egin eta eztabaidatzen dute.