Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio Netanyahuren planari: lehen ministroak Gazako Zerrenda osoa okupatzeko asmoa erakutsi zuen, baina kontseiluak bakarrik Gaza Hiria okupatzea onartu du.
“Gaza Hamasengandik askatu” nahi du Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen Ministroak, eta horretarako okupazio militarra proposatu dio bere gobernuari. Bada, plana onartu dio Israelgo Segurtasun Kontseiluak, ostiral goizaldera arte luzatu den bilera batean. Orain gobernu osoaren baiezkoa baino ez zaio falta plana martxan jartzeko: litekeena da igandera arte luzatzea baiezkoa emateko epea. Kontseiluaren argi berdea, ordea, ñabardurekin heldu da: Netanyahuk Gazako Zerrenda osoa okupatzea jarri zuen mahai gainean, baina kontrako iritziak tarteko, Gazako Hiria okupatuko dute. Egun milaka errefuxiaturen babesleku bihurtu da hiria, eta 800.000 biztanle ditu. Gainontzeko Gazako lurrekin zer gertatuko den ez dute argitu.
“Gerra amaituko duten bost printzipioren alde” bozkatu du gobernuko ministroen gehiengo zabalak, Israelgo Gobernuak komunikatu bidez azaldutakoaren arabera. Bost printzipio horiek dira: Hamas armagabetzea, bahitu israeldar guztiak itzularaztea –bizirik edo hilik–, Gazako Zerrendaren desmilitarizazioa, Israelgo armadak Gazako Zerrendarekiko kontrol militarra izatea eta Gaza gobernatuko duen “administrazio zibil” bat ezartzea Hamas edo Palestinako Autoritatea ez diren erakunde baten esku.
Israelgo bahituak jarri ditu erdigunean planak. Israelgo Gobernuak emandako datuen arabera, Hamasek oraindik 50 bahitu ditu, eta horietatik 20 inguru bizirik leudeke. Okupazioaren nondik norakorik ez da publiko egin oraindik, baina Netanyahuk proposatutako planaren sakoneko irakurketa egin dute zenbait hedabide israeldarrek eta bere fase posibleak aurreratu dituzte. Lehenengo, Gaza Hiria militarki okupatuko luke armadak, eta bertako biztanleak lekualdatzera derrigortu. Horren ondoren helduko litzateke errefuxiatu kanpalekuen okupazioa. Dena den, onartutako planaren arabera, Gaza Hirian baino ez da izango operazio militarra.
Barne haustura
Segurtasun Kontseiluak onartu duen plana su baxuan egosten joan dira Netanyahu eta bere gobernukideak. Joan den astean Itamar Ben Gvir Defentsa ministroak Gazaren okupazio osoa proposatu zuen, eta haren testigua hartu eta pauso bera eman zuen lehen ministroak ere. Hain zuzen ere, asteartean ziren biltzekoak kontseilukideak, Netanyahuk egindako proposamena aztertzeko; barne desadostasunek, ordea, ostegunera atzeratu dute bilera.
Desadostasunen muina armada bera zen. Israelgo hedabideek jakinarazi dutenez, Netanyahuren planaren aurka egin zuen armadako buru Eyal Zamirrek. Hain justu, osteguneko bileran Netanyahuren planaren “plan alternatibo” bat ere izan da, eta hedabide gehienek ondorioztatu dute Zamirrek proposatutakoa dela. Dena den, plan hori baztertu dute, ez bailuke lortuko, euren hitzetan “ez Hamas menperatzea, ez bahituak itzultzea”.
"Ondorio katastrofikoak" izango dituen plana
Azkenengo egunetan albiste ugari izan dira Gazaren okupazioaren inguruan, hedabideetan egon baitira Ben Gvir eta Netanyahuren adierazpenak. Hori horrela, planaren aurkakoek tartea izan dute beren iritzia emateko eta ez dira gutxi izan. NBEk asteazkenean eman zuen abisua: Netanyahuk proposatutako planak “ondorio katastrofikoak” izango ditu gazatarrentzat.
Azken datuen arabera, 61.000 hildakotik gora eragin ditu Israelgo armadak Gazako Zerrendan, eta okupazioak heriotza gehiago, besterik ekarriko ez duela salatu dute zenbait ahots kritikok, Israelen zein nazioartean. Oposizioko buru Yair Lapidek adierazi du plana "desastre bat" dela, eta beste "desastre" batzuetara eramango duela herrialdea: "Hauxe zen Hamasek nahi zuena". Bahituen familiek ere beren kontrakotasuna adierazi diote Netanyahuri, egunotan egindako zenbait manifestazio eta elkarretaratzetan: gutxienez, protestetan egondako zazpi lagun atxilotu ditu Israelgo Poliziak. Hain zuzen ere, inkestek erakutsi dute Israelgo biztanleria gehienak Hamasekin akordio batera iristea nahi duela, "bahituak askatzeko eta gerraren amaiera sinatzeko".