REE Red Electrica Española-ren Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako ordezkari Antonio Gonzalez Urquijo egon da ostegun honetan Gatikako azpiestazio elektrikoan, kazetariekin batera.
REE Red Electrica Española-ren Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako ordezkari Antonio Gonzalez Urquijok egutegia zehaztu du: Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotuko lituzkeen kable elektrikoarentzako Gatikako azpiestazio elektriko berria 2028an jarriko dute martxan. Obren aitzinamenduaren berri eman dute ostegun honetan azpiestazioan antolaturiko prentsaurrekotik.
"Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza" idazten genuen apirila bukaeran, azpiegiturari buruzko erreportajean. Hain justu, tentsio handiko makroproiektua litzateke –400.000 voltioko 400 kilometro, 2.000 megawatt garraiatzeko– eta itsasoko ekosistemarentzako kaltegarria izanik, egitasmoa geldiarazteko borrokan dabiltza hainbat kolektibo, besteak beste, Gatika inguruan antolaturiko Interkonexio Elektrikorik Ez eta Lapurditik hurbil den Landetako THT Ez taldea. Gatikako Udaleko ordezkari politikoek ere ez dute proiektua babesten, orain.eus webguneak zehazten duenari segi.
Europar Batasunak sare elektriko bateratua izatea nahi du, eta "hori lortzeko bidean urrats bat da" Gatikako proiektua, egitasmoaren bultzatzaile diren REE eta RTE Reseau de Transport d’Electricite enpresaren arabera. Energia-korridore horren helburua da konexio horien bidez penintsulako energia-eskariaren % 15 hornitu ahal izatea 2030erako.
Gatikako estaziotik, lurpeko ibilbideak 13 kilometro egingo ditu Maruri-Jatabe eta Lemoiz udalerrietan zehar, eta Lemoizko kostaldetik, itsaspeko bidetik jarraituko du Cubnezais arte, Capbretongo arroila saihesteko lehorreko tarte labur bat eginda ere.