argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udaltzaingoak ez du atxilotuen jatorriaren berri emango
  • Gasteizko alkate Maider Etxebarriak (PSE-EE) “uko” egin dio atxilotuen jatorria argitaratzeari, horrek delinkuentziaren aurka laguntzen ez duela iritzita. Udalbatzako EAJ eta PP, aldiz, datuak ematearen alde agertu dira, “gardentasun instituzionalaren” izenean.

Maria Ortega Zubiate 2025eko azaroaren 28a
EUBE

Urritik aurrera Ertzaintza atxilotuen datuak ematen hasi da, PPk eta Voxek eskatuta; berriki jakinarazi dute Katalunian ere bide bera hartuko dutela Esquadra Mossoek. Atxilotuen jatorria jakinaraztearen boladari ezezkoa eman dio, ordea, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak (PSE-EE), iritzita erabaki horrek ez duela laguntzen delinkuentziari aurre egiten. X sare sozialean partekatu du bere iritzia alkateak, asteazkeneko Segurtasun batzordean gaia mahai gainean jarri eta gero.

PPren eskariz aztertu dute gaia Gasteizko Udaleko Segurtasun batzordean. Horren alde agertu da Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotzia (EAJ), “gardentasun instituzionala” beti ona dela defendatuta, eta lanerako datu errealak izatea garrantzitsua dela gehitu du. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu Bingen Zupiriaren ildo beretik jo du Gasteizko EAJk ere, gardentasuna defendatzen. PPko Iñaki Garcia Calvok ere iritzi bera defendatu du.

Horri erantzunez argitaratu du mezua asteazkenean Etxebarria alkateak, eta argi adierazi du “alkate eta Udaltzaingoaren buru gisa” ez duela horrelakorik onartuko: “Atxilotuen jatorria argitaratzeak ez du laguntzen delinkuentziaren aurka egiten. Hiritarren segurtasuna hobetzeko kalean agente gehiago, baliabide gehiago eta Poliziaren koordinazio gehiago behar da, eta horretan ari gara lanean". Horrela, bada, Gasteizko Udalaren erabakiak Jaurlaritzako koalizioaren desadostasuna jarri du agerian.

“Gardentasuna”

Ertzaintzak atxilotuen jatorria jakinaraziko zuela publiko egin zenean hautsak harrotu ziren. Erabaki horrek atzerritarrekiko estigma areagotuko zuela salatu zuen askok, eta horien artean izan zen Arartekoa. Erabakiaren zergatia galdetu dio Ertzaintzari, eta prozesua ireki du. Izan ere, Arartekoak publikoki adierazi izan du atxilotuen jatorria adierazteak ez duela laguntzen atzerritarren integrazioan, eta aurreiritzi eta estereotipoak sortu ditzakeela.

Edozelan ere, PP eta Voxen presioz hartutako erabakiari eusten dio EAJk. Publikoki emandako adierazpenetan, alderdiko eledunek “gardentasuna” defendatu dute, eta adierazi izan dute datuok “agian” sorpresaren bat emango dutela, eta espero gabeko delinkuentzia datuak agertu daitezkeela.