Gasteizko Udalak Gasteiz Hoy hedabideari baieztatu dio ARGIAk esklusiban argitaratutako informazioa: Luxury Rental Apartments enpresari hiru espediente ireki dizkiotela beste horrenbeste etxebizitzatan egindako obren irregulartasunengatik. Horietako bat artxibatu egin zuten, baina beste bi zabalik dira oraindik. Etxebizitza batean egindako erreforma osoa eraisteko agindu diote.
Gasteiz Hoy hedabideko Natxo Gatón kazetariak lortu du Antépararekin hitz egitea, eta honek esan dio dagokion obra-eskaerak egin zituela. Hala ere, Udalaren ustez, egindako obra handiagoa izan da dokumentuetan komunikatutakoa baino eta, beraz, beste lizentzia bat behar zuen. ARGIAk, Zigor Olabarriaren ikerketa erreportajearekin, informatu zuenez, ordea, baimenak eskatu zituen behin obra klandestinoak aurkitu eta espedienteak ireki zizkiotenean, hauek legeztatzen saiatzeko.
Gainera, udalak adierazi du berak ez duela etxebizitza turistiko gisa jarduten dutenaren berririk. ARGIAk frogatu du baimenik gabe, pisu turistiko ilegalak ustiatzen ari direla.
Ireki zizkioten hiru espedienteetatik, Gasteiz Hoyk argitaratu duenez, Antépararen enpresak bi ditu zabalik gaur egun. Batean, Udalak agindu dio egin duen obra eraisteko eta etxebizitza uzteko lehen zegoen bezala. Udalak dokumentazioa eskatu zion obra hori legeztatzeko, baina Luxury Rentals Apartments enpresak ez du halakorik aurkeztu eta beraz, eraisteko agindu dio Urtaran alkate duen Udalak. Luxury Rentalsi, gainera, zigor ekonomikoa jarri diote, eta enpresak dagoeneko errekurritu du. Bigarrenean, obrak gerarazita daude eta udal teknikariak aztertzen ari dira igorri zaien dokumentazioa. Beste zigor bat ere jaso dezake honegatik eta dagoeneko errekurritu du.
Antépara Gasteizko eta Arabako PPko zerrendetan doa maiatzaren 29ko hauteskundeetan. Aurretik ere zinegotzia izan zen 2016 eta 2019 artean, eta gaur egun PP ordezkatzen du 21 Zabalkundea sozietate publikoan. Erakunde honetan hartzen dituzte Gasteizko hirigintzarekin loturiko erabaki nagusiak.