21 Zabalgunea udal soziatateak desalojo data ezarri diela jakinarazi dute Alde Zaharreko espazio okupatua kudeatzen duten Auzoan Bizi etxebizitza sareak, Herrizoma elikadura sareak eta Zaharraz Harro jai herrikoiak. Korda “defendatuko” dutela adierazi dute.
Apirilaren 6an argazki kolektibo jendetsu batekin iragarri zuten Alde Zaharreko auzokideei 21 Zabalgunea udal sozietateak Korda husteko agindua helarazi ziela. Orain, desalojo horretarako data zehatza jakinarazi dute Pintore kaleko espazio autogestionatuko arduradunek ohar baten bidez: ekainaren 4a.
Kordako arduradunak Gasteizko Udaleko Hirigintza zinegotziarekin biltzeko saiakera egin dutela azaldu dute, eta honek biltzeari “uko” egin diola. “Jabetza pribatua eta negozioa babestea eta auzokideen eta kolektiboen eskari eta beharrei entzungor egitea da haien politikagintza”, salatu dute.
Hiru eragileek azpimarratu dute Kordaren desalojo saiakera udalaren Erdi aroko hirigunea eraberritzeko Plan Berezi Integratua onartzeko datekin bat egiten duela, “auzoa merkatu eta erakusleiho bilakatzeko prozesuan pausu bat gehiago”. Korda ez ezik oro har auzoa “defendatu” eta “antolatzen jarraituko dutela iragarri dute, “etxebizitza turistiko bakoitza etxebizitza bilaka dadin, auzokide bakoitzak erroldatzeko eskubidea izan dezan, kide bakoitzaren elikadura eskubidea bermatua izan arte”. Auzokideei eta mugimendu herritarrei dei egin diete Kordaren defentsan parte hartzera.
Hiru urte lanean
2022ko ekainean okupatu zuten Auzoan Bizik, Zaharraz Harrok eta Herrizomak denbora luzea hutsik zeraman espazio munizipala, Pintore kaleko 51 zenbakian. “Alde Zaharreko herri egituren Korda espazioa sortu da, autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa harilkatuko dituen auzoarentzako gunea”, adierazi zuten okupazioaren egunean bertan. Ordutik iragan diren hiru urteotan, “hutsik eta egoera txarrean zegoen espazio bat berritu dugu, eta auzoko hamarnaka kolektibok eman diote erabilera, auzoan egunerokotasunaren parte bilakatu den arte”, adierazi dute.