argia.eus
INPRIMATU
ikerketa
Gasteizko Hirigintza Saila eta gardentasuna: urtebete eskaera ofizialei erantzunik eman gabe
  • ARGIAk hamaika aldiz eskatu dio Gasteizko Hirigintza Saileko Eraikuntza Zerbitzuari, urte batez, bi espedienteren inguruko informazioa. Hainbat aldiz ziurtatu zaio hedabide honi informazioa igorriko zitzaiola. Inoiz ez dute egin, eta hainbat hitzordu eta eskaera ofizial utzi ditu sailak erantzun gabe.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko maiatzaren 19a
Gasteizko Udala

2024ko irailaren 26an honako idatzia erregistratu zuen artikulu hau sinatzen duen kazetariak Gasteizko Udalean. Idatzia Eraikuntza Zerbitzuari zuzenduta dago, Hirigintza Sailaren ardurapeko zerbitzua dena:

“Hilabeteak dira Gasteizko Udaleko Eraikuntzen Zerbitzura deitu nuela informazio bat eskatzeko: Pintore kaleko XX atariko 1. eta 4. solairuetako espedienteak ikustea.

Espediente horien arduradunarekin hitz egin nuen. Hainbat aldiz gelditu zen, lehenbizi, niri deia bueltatzekotan informazioa behin eskuratuta. Ondoren, berriz ere deiak egin ostean, hainbat aldiz ziurtatu zidan espediente horiek bidaliko zizkidala.

Informazioa jasotzen ez nuela ikusita, telefono bidezko hitzordu ofizialak eskatu nituen, lehenbizi uztailaren 4an, bigarrenez 7an (bietan 12:30ean), eta ez nuen deirik jaso. Uztailaren 19an idatzizko eskaera aurkeztu nuen udaletxean. Erantzunik ez nuenez jasotzen, berriz ere deitu nuen telefonoz uztailaren amaieran, eta ziurtatu zidaten deia bueltatuko zidatela hurrengo egunean. Bi hilabete igarota ez dut deirik jaso.

Ondokoak eskatzen ditut:

- Administrazioak bere ardura betetzea: oro har herritarren eskakizunei bide emanez, eta zehazki hitzordu ofizialei erantzunez zein agindutako informazioak helaraziz.

- Espediente horien kopia behingoz jasotzea.

- Erantzuna idatziz jasotzea.

Adeitasunez [datu pertsonalak, bizitokia eta posta elektronikoaren helbidea]”.

Erregistro ofizialean aurkeztutako eskaera horrek ere ez du erantzunik izan. Eskatutako bi espedienteak Luxury Rental Apartments SL enpresako bi etxebizitzari dagozkio. Enpresaren akzioen %50a Gustavo Antepara PPko kidearena da. Bi etxebizitza horiei alta eman zitzaien etxebizitza turistikoen Jaurlaritzaren erregistro ofizialean 2023ko irailean; Jaurlaritzak alta emateko udalaren aldeko txostena behar du, baina udalak ez du etxebizitza turistiko berrietarako baimenik ematen Alde Zaharrean 2023ko otsailetik.

Gertatutakoa ulertu eta argitu nahian eskatu zuen espedienteen inguruko informazioa ARGIAk, eta horrela adierazi zion kazetari honek Eraikuntza Zerbitzuko proiektu arduradunari. Arduradunak berak jakinarazi zuen bi espedienteen egilea bera zela (etxebizitzei Jaurlaritzaren erregistroan alta zergatik eman zaien artikulu honetan azalduta dago). Kazetariari bere posta elektronikoa ere eman zion, bertara idatzi eta bueltan espedienteak jasoko zituela aginduta. Mezua bidali zuen kazetariak, baina ez zuen erantzunik jaso.

Urte beteren ondoren, informaziorako eskubiderik ez

Apirila amaieran, saiakera berria egin eta hitzordu telefonikoa eskatu du ARGIAk. Oraingoan bai, jaso du deia hitzorduaren egunean, zerbitzuko beste langile baten eskutik. Espedientea ikusteko aukeraz galdetzean, zerbitzu juridikoekin kontsultatu behar duela adierazi du. Minutu batzuetara egin du dei berria, jakinarazteko ARGIAk ez duela eskubiderik “interesatu zuzena” ez izateagatik. Urte beteko ahalegin etsigarri eta antzua minutu gutxi batzuetan argitu zitekeen. Zergatik agindu zuen orduan zerbitzu buru eta espedienteen egileak, hainbat aldiz, informazio hori?

Eztabaidagarria izan daiteke nork duen zein informazio jasotzeko eskubidea eta nork ez. Eztabaidaezina da administrazio batek edota arduradun batek ezin duela horrela jokatu, ez hedabideekin, ez herritarrekin.

----

Jarrian, gai honekin loturiko beste bi artikulu:

 

- PPko Antépararen Luxury enpresa zigortu du laugarrenez Gasteizko Udalak legez kanpoko obrak egitea egotzita



- Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak ustiatzen jarraitzen du PPko Antépararen enpresak

 

Gustavo Antépararen negozioen inguruko informazio guztia, kanal honetan.