19:30ean izango da Andra Mari Zuriaren plazan, Justizia nahi dugu. Inpunitaterik ez! lelopean. Epaitegien esku dago kasua, eta bitartean lanean jarraitzen dute akusatutako bi udaltzainek.
Udaltzainen "inpunitatearen" kontra mobilizatzeko deia egin dute Poliziak jipoitutako gaztearen senide eta lagunek. Asteazkenean izango da, 19:30ean, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, Justizia nahi dugu. Inpunitaterik ez! lelopean. Salaketa epaitegien esku dago, eta, bitartean, bi udaltzainek lanean jarraitzen dute, Aleak informatu duenez.
Martxoaren 6an Gasteizko bi udaltzainek Aimar jipoitu zuten, 16 urteko gaztea. Patinete elektriko batean zihoala oinezkoen pasabide batetik igaro zen, Poliziek geratzeko agindu zioten eta gaztea ihes egiten saiatu zen. Harrapatu zutenean, lurrera bota, jo eta sudurra hautsi zioten. Udaltzainek familiari esan zioten beren semea lurrera erori zela, baina auzokide batek grabatutako bideoan ikusten da ez zela horrela izan.
Gertakariak hautsak harrotu ditu. Zabalgana auzoko ikastetxe, guraso eta auzo elkarteek Gasteizko Udalari eskatu zioten horrelako jarrerak "errotik moztu" ditzala. Marian Gutierrez PSE-EEko segurtasun zinegotziak agerraldia egin zuen kasuaz hitz egiteko. Besteak beste, azaldu zuen zentralari agindu zietela gurasoei deitzeko, baina haiek salatu zuten ez zutela deirik jaso. Gurasoek aretoa utzi zuten, salatuz gezurretan ari zela. Bestalde, kasua argitu bitartean akusatutako bi polizientzako errugabetasun presuntzioa eskatu zuen Gutierrezek. Horrez gain, EH Bilduko Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak Polizia fitxan jasotzen diren lekuko guztiei testigantzak hartu ez izana salatu zuen.