EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak dio ez duela ulertzen Urkulluren exekutiboaren erreakzioa, bilkurak sei lagunetara mugatzeko neurria ez onartzeko ebazpenaren aurrean.
Auzitegi Nagusiak ez du onartu bilkurak sei lagunera mugatzeko Eusko Jaurlaritzak hartu nahi zuen neurria, oinarrizko eskubideak murrizten dituelako. Horren inguruan hitz egin du Euskadi Irratian Garbiñe Biurrun auzitegiko jarduneko presidenteak: “Gomendio gisa izan balitz Eusko Jaurlaritzak ez luke inolako baimenik beharko Justiziarengandik neurri horiek aurrera eramateko, baina debekua baldin bada biltzeko eskubidearen oinarrizko murrizketa bat litzateke”, azaldu du.
Biurrunen arabera, badago lege bat 1986koa halako neurriak hartzea ahalbidetzen duena, baina soilik pertsona zehatz batzuengan eta ez biztanleria osoarengan: “Gaur egungo legediarekin hori ez da posible, hor dago erronka”. Zentzu horretan, magistratuak gogorarazi du udaberritik hona posible izan dela lege hori berritzea, baina ez dela egin.
Iñigo Urkullu lehendakariak oso gogor hitz egin du auzitegiaren ebazpenaren kontra eta erabakiarekin ez dagoela ados adierazi du. Are gehiago, bere ustez “ate guztiak ixten dizkio” alarma egoera deklaratzea ez den bide orori.
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak ere gogor hitz egin du: “Ez dugu ulertzen gauden egoeran egonda, neurri horiek beharrezkotzat ez ikustea epaitegiak” eta iradoki du ebazpen horrek neurri murriztaileagoak hartzera derrigortuko duela Eusko Jaurlaritza. Hain zuzen, ostegun arratsaldean da biltzekoa LABI aholku batzordea eta mahai gainean dago, besteak beste, zenbait eremutan ostalaritzaren ordutegia murriztea edo sektore horren jarduera ixtea. Ostiraleko EAEko aldizkari orokorrean emango lirateke argitara balizko neurriok.
Biurrunen ustez ez da ulergarria Urkulluren gobernuaren erreakzioa, “neurri gogorragoak hartu beharko dituztela diote, baina aurreikusita zuten”, azaldu du zorrotz. Bere esanetan, jendea biltzen den jarduera oro mugatu edo debekatu daiteke: “Itxi daiteke nahi dena, egungo legediarekin posible da”.
Urkulluk joan den larunbatean iragarri zituen egoera epidemiologikoari aurre egiteko neurri berriak, baina aste osoa itxaron du horiek ezarri gabe, Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain. Orain, epaitegiaren ezezkoa eskuan, badu arrazoi bat beste maila bateko erabaki mingarriagoak hartzeko Covid-19 positiboen gorakada apaldu nahian.