argia.eus
INPRIMATU
GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak
  • Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko ekainaren 06a
Monbar hoteleko atentatuaren ondorena. Daniel Velez

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren mende den Gogora Institutuko Alberto Alonsok adierazi du Monbarreko atentatuak gauza asko dituela hitz egiteko eta horietako hainbat gauza azaldu behar direla, “zer gertatu zen eta zergatik”. Beste atentatu batzuekin ere horrela jokatzen ari direla azaldu du, adibidez, Madrilgo Rolando kafetegian ETAk 1974an egin zuen atentatuarekin. “Lehenbizi erakusketa bat egingo dugu, eta gero mahai-inguru bat adituekin eta biktimen familiekin”, azaldu du Alonsok Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.

“Familia horiek aitortza behar dute –jarraitu du Alonsok–, inork ez zuen eskubiderik haien bizitzekin jolasteko eta barkamen eskaera merezi dute”. Bere ustez, GALen senideei barkamena eskatu behar zaie azken 40 urte hauetan izan den isiltasun instituzional eta sozialagatik.

GAL, beti PSOEri lotua

Monbar hoteleko atentatua GALek egindako odoltsuena izan zen eta lau euskal errefuxiatu tiroz hil zituzten hotelaren barruan: José María Etxaniz, Potros, Iñaki Asteasuinzarra, Legra, Agustín Irazustabarrena, Beltza, eta Sabin Etxaide, Eskumotza. Hotelean zegoen beste pertsona bat ere zauritu zuten, Jean Iriart.

GAL (Grupos Antiterroristas de Liberación) Espainiako segurtasun indarrei lotutako talde parapolizial bat gehiago izan zen, 1983 eta 1987 artean jardun zuen eta 27 hildako eta zauritu eragin zituen, gehien-gehienak Ipar Euskal Herrian. Lehenago aritu ziren ATE, BVE, Guerrilleros de Cristo Rey edota AAA taldeak, batez ere frankismoan eta Espainiako Trantsizioan.

Agian ezaugarri bereizgarrienetakoa izan zen GAL PSOEko gobernuei egon zela lotuta, Felipe González Espainiako Gobernuko presidente izan zen garaian. GALek egindako ekintzengatik zigortu zituzten, esaterako, José Barrionuevo barne ministroa eta Rafael Vera segurtasun idazkaria; edota Intxaurrondoko kuarteleko hainbat Guardia Zibil, haien artean kuarteleko nagusi izan zena eta Guardia Zibileko jeneral izendatu zuten Enrique Rodriguez Galindo ezaguna. Guztiek denbora oso gutxi egin zuten espetxean, kontuan izanda bahiketa eta hilketengatik zigortu zituztela.

Orain, atentatu hartatik 40 urtera, Gogorako zuzendari eta PSOEko kide den Alberto Alonsok adierazi du GALen biktimei barkamena eskatu behar zaiela. Gogora Institutua 2015ean sortu zen, bere sorreratik egon da EAJren esku eta Aintzane Ezenarro izan da haren zuzendaria oraintsu arte, azken legealdi honetan PSE-EEk Justizia Saila hartu zuen arte –haren menpe da Gogora–.

PSE-EEko hainbat kidek eta agintarik deitoratu izan dute GAL, baina ez PSOEk ez Espainiako Gobernuak inoiz ez dute aitortu beren goi mailako kideen parte hartzea, eta inoiz ez diete eskatu barkamenik GALen biktimei. Areago, bai Felipe González, bai José Barrionuevo edo Rafael Vera beti agertu dira harro GALen jardueraz, eta hura ezinbestekotzat jo izan dute Frantziako Gobernua euskal errefuxiatuak Espainiako agintarien esku jartzeko.

Iragan martxoan, GALeko 18 biktimek Bilbon emandako prentsaurrekoan José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dutela iragarri zuten.