argia.eus
INPRIMATU
Fusilatu eta ia 90 urtera, Primo de Riveraren gorpuzkiak atera dira Erorien Haranetik
  • Falangearen sortzailea Madrilgo beste hilerri batera eraman dute, ez alde bateko ez besteko oihartzunik sumatu gabe. Duela gutxi Espainian onartutako Memoria Demokratikoaren legeak behartu du lekualdaketa.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko apirilaren 24a
Primo de Rivera diktadorea atera dute apirilaren 24an Erorien Haranetik, fusilatu eta 90 urtera. Irudian ageri den ohorezko lekuan egon da orain arte. (Argazkia: La Razón).

José Antonio Primo de Rivera falangista Espainiako Bigarren Errepublikan epaitu eta errudun jo zuten 1936an, eta fusilatu eta hobi batean lurperatu. Gerra Zibilaren ondoren, faxistek atera zuten gorpua bertatik eta Madrilgo El Escorial monasterioan hilobiratu zuten, Erorien Harana eraiki artean, Francoren aginduz. Ohorezko lekua eman zioten Erorien Haranean, eta bertan egon da orduz geroztik.

Memoria Demokratikoaren Legea iazko udan onartu zuen Espainiako Parlamentuak –Urko Apaolazak artikulu honetan xehatu zuenez, hutsune handiak dituen legea da biktimen ikuspegitik–, eta lege horrek berak 54. artikuluan zera zehazten du, Erorien Haranean soilik Gerra Zibileko biktimak egongo direla hobiraturik, baina ezingo dela biktimen arteko bereizketarik egin; hau da, ohorezko lekurik ezingo duela inork eduki. Horregatik, inork Primo de Rivera falangistaren kasua epaitegien aurrera eraman eta gatazka politikoa sortu baino lehen, haren familiak eskatu du deshobiratzea. Diskrezioz egiteko eskatu du, gainera.

Goizean goiz egin dute guztia: 05:00ak aldera hasi dira lanean eta 07:00 inguruan atera dituzte gorpuzkiak Erorien Haranetik, San Isidro hilerrira eramateko.