argia.eus
INPRIMATU
Frantziar Estatuak modako salgaiak xahutzea eta hondakinak sortzea saihesteko lege bat onartu du
  • Saldu gabe geratutako produktuak botatzea debekatuko du lege berri honek, baita 2022tik aurrera arroparen etiketetan publizitate engainakorra jartzea ere. 2040rako erabilera bakarreko plastikoak desagerraraztea jarri du helburu legeak, ekonomia zirkularra bultzatuz.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 24a
Produktuen bizitza luzatzeko egindako kanpainaren irudia. Argazkia: Eldiario.es.

2022tik aurrera debekatuta egongo dira “biodegradagarri” edo “ingurumenarekiko errespetuzko” jantzien etiketak. Otsailaren 10ean onartu zuten hau arautzen duen legea, eta bere 166 artikuluetan mota anitzetako neurriak ditu hondakinak sortzea saihesteko.

Artikulu elektronikoengan ere izango du eragina lege honek, etiketa sistema berri bat proposatzen baitu, iraunkortasuna, konpontzeko aukerarik baduten eta honen kostua zenbatekoa izango den azaltzen. Honez gain, garbigailu berriek mikroplastikoentzako filtro bat izan beharko dute, Plastic Soup Foundation (PSF) elkarteak ozeanoetan dauden plastiko primarioen %35a arropetatik datorrela kaleratu baitu.

Azkeneko azterketak irudi kezkagarria eman du munduko birziklapen tasari buruz. %9,1etik %8,6ra jaitsi ziren datuak 2017an. Ekonomiaren gorakadarekin batera ekonomia zirkularraren beherakada etorri dela adierazi du The Ciruclarity Gap Report txostenak.

Jostailu bat segunduko

Frantziar Estatuan 630 milioi euro xahutzen dira Frantziako Gobernuaren kalkuluen arabera. “Jostailu bat xahutzen dugu segunduko”, adierazi dio Brune Poirson Estatuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioko idazkariak eldiario.es-i. 2018an Burberryk 34 milioi euroko balioa zuten arropa eta osagarriak bota zituen, Cartierrek 500 milioi euroko balioa zuten erlojuak bota zituen. “Konpainia askok uste dute saldu ez dituzten arropa edo zapatak bota edo suntsitu egin ditzaketela. Hori ezingo dute egin jada”, esan du Poirsonek.

Kritikak lege bigunegiari

“Dezepzio” hitza erabili  du WWF erakundeak legea deskribatzeko. Anbizio gutxikoa dela eta benetako arazoari aurre egiten ez diola ere kaleratu du; erabilera bakarreko plastikoak 2040ra arte desagerraraziko ez dituelako. Hala ere, aurrerapauso moduan ikusi dute erakundeek orokorrean Frantziako Gobernuak birziklapenaren alde hartutako neurria.