argia.eus
INPRIMATU
Dimititu egin du Frantziako Lecornu lehen ministroak, gobernua osatu eta 24 ordura
  • Sébastien Lecornu lehen ministroak dimisioa aurkeztu du, Asanblea Nazionaleko buru izendatu eta hilabetera. Emmanuel Macron estatuburuak onartu egin dio. Bi aukera ditu orain Macronek: beste norbait izendatzea lehen ministro, edo Asanblea Nazionala desegitea eta hauteskundeak deitzea.

ARGIA @argia 2025eko urriaren 06a
Sébastien Lecornuk Frantziako lehen ministro kargua utzi berri du. EFE/EPA/ALAIN JOCARD / POOL

Lecornu irailaren 10ean izendatu zuten lehen ministro, bere aurretik François Bayrouk konfiantza mozioa galdu ondoren. Uztailean, hurrengo lau urteetarako aurrekontuak aurkeztu zituen Bayrouk. Eztabaidaren erdigunean jarri zuen herrialdeak duen zor publikoa, baina kritika handiak eragin zituen, hurrengo urteetako aurrekontuetan urtero 43.800 milioi euro murriztu nahi zituela iragarri zuenean, besteak beste, pentsioak izoztuta, lan publikoak eta osasuneko gastua murriztuta, baita bi jai egun nazional kenduta ere.

Macronek, orduan ere, bi aukera zituen: hauteskundeak deitu edo beste norbait izendatu. Sébastien Lecornu aukeratu zuen lehen ministro kargurako. Austeritate politiken mehatxupean eta herritarren protestapean, Lecornuk gobernu berrian “hausturak” izango zirela hitzeman zuen. Dena den, ministroen zerrendan aurreko legegintzaldiko asko mantendu zituen, hain zuzen, 11. Ministroen artean zeuden Gérald Darmanin (Justizian), Élisabeth Borne (Hezkuntzan); Jean-Noël Barrot (Kanpo-Arazoetan) eta Bruno Lemaire (Defensan) makronistak. Horiez gain, gobernuan ziren Rachida Dati, Bruno Retailleau eta Manuel Valls kontserbadoreak.

Gobernuaren ahuleziaren erakusle izan da Errepublikanoak alderdiaren jarrera. Bruno Retailleau alderdiko buruak eta Barne ministroak –ezaguna immigrazioaren aurkako politika gogorrengatik– adierazi zuen ez zegoela ados kabinetearen osaketarekin, hau da, bere alderdiak ministro gehiago edukitzea nahi zutela. Alderdi Sozialistak, berriz, gobernu berria zentsuratuko zuela iragarri zuen. Alderdi errepublikanoak ez dauka gehiengorik kongresuan, eta beraz, babes nahikorik ez. Horrez gain, hilabeteko tartean hiru greba egin dituzte Frantziako Estatuan.

Lecornuk kargua hartu zuenean, bere buruaz esan zuen V. Errepublikako “lehen ministro ahulena” zela. Dimititu duenean esan du, "ezin dela lehen ministro izan gobernatzeko baldintzak betetzen ez direnean". Hilabete honetan, alderdiekin negoziazioak “zailak” izan direla aitortu du eta gobernua osatzea ere ez dela “erraza” izan.

Orain zer?

Eskuin muturreko Batasun Nazionalak Asanblea Nazionala desegitea eta hauteskundeak deitzea eskatu du, egonkortasuna berreskuratzeko. Errepublikanoen alderdiko ahots batzuek ere gauza bera eskatu dute, besteak beste Cannes-eko alkateak: “Frantziaren interesaren izenean, Macronek bere dimisioa programatu behar du, erakundeak babesteko eta egoera hau askatzeko”. Herritar Fronte Berriak adierazi du “triskantza” honen aterabide bakarra ezkerreko gobernu bat osatzea dela: “Lecornuk dimitituta, Macronen alderdia hilzorian dago. Herrialdea erregimen-krisi batean hondoratzen ari da”.