argia.eus
INPRIMATU
Frantziako 200 kirolarik manifestu bat sinatu dute eskuin muturraren kontra
  • L'Ëquipe kirol egunkariak argitaratu du manifestua igandean. Besteren artean, Jo-Wilfried Tsonga eta Marion Bartoli tenislari ohiak eta Marie-José Perec atleta ohiak daude sinatzaileen artean.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 18a

200 kirolari eta kirolari profesional ohik manifestu bidez eskatu dute Marine Le Penen Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarraren aurka bozkatzeko datozen hauteskundeetanMacronek hauteskundeak aurreratu zitun Europako hauteskundeen gauean–. Lehen itzulia ekainaren 30ean izango da, eta bigarrena uztailaren 7an.

Kirol arloko L'Ëquipe egunkariak igandean argitaratu zuen manifestuak argiki azaltzen du eskuin muturraren aurka bozkatzeko deia, Kylian Mbappé futbolariak joan den igandean ez bezala; gazteak botoa ematera animatu zituen futbolariak, "muturretako" indar politikoak boterearen atarian daudelako. Kasu, datorren auzotik etorrita, askok ulertu zuten ultraeskuinaren aurkako deia izan zela, nahiz zehaztu ez.

Honela diote 200 kirolarik manifestuan: "Ultraeskuina oposizio sakonean murgildurik dago, eta ez du gizarte demokratiko, tolerante eta duin bat eraiki nahi; hori erakusten du historiak". Era berean, eta era adeitsu batean, ulergarritzat jo dute ultraeskuinaren igoera: "Kontziente gara jende gero gehiagok dituela arazoak hil amaierara iristeko, desberdintasunak gero eta handiagoak direla, konpromiso falta, segurtasun gabezia, etorkizunari beldurra... Baina kirol arloko profesional gisa, ezin dugu onartu ultraeskuina gobernura iristea".

Tsonga, Noah, Bartoli, Perec...

Kirolari ezagun askok sinatu dute manfestua –ia 200 dira; hemen kontsulta daiteke zerrenda osoa–. Dena den, gehiengoak ez du segitzen profesional izaten, edo ez lehen bezalaxe. Futbol jokalari asko, Mbappéren gisan, hitzez baizik ez dira mintzatu, eta ultraeskuina jomugan jarri beharrean, bozkatzera joateko deia luzatu dute. Manifestua ez dute sinatu.