argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren aurkako kereila masiboak etor daitezkeela iragarri du Carlos Slepoy abokatu argentinarrak
  • Giza Eskubideen aldeko borrokan lanean diharduen Carlos Slepoy abokatu argentinarra elkarrizketatu du Deia egunkariak. Frankismoko biktimen abokatua da, tartean Jesus Muñecas guardia zibilak bortizki torturatu zuen Andoni Arrizabalagaren familiarena. Krimen frankisten aurkako kereilak “masiboki” aurkezteko baldintzak daudela adierazi du, eta lehenak Euskal Herrian izan daitezkeela Jesus Muñecas eta Antonio Gonzalez "Billy el Niño"-raurka.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 01
Carlos Slepoy gurpildun aulkian da 1982an gazte batzuk defendatzera joan eta polizia espainiar batek tiro egin zionetik. (Arg.:nodo50.org)

Azken hilabeteetan, frankismoko biktimen prozesuan gertaera garrantzitsuak jazo dira Slepoyren ustetan. Muñecas eta “Billy el Niño” torturatzaileen aurkako atxilotze agindu internazionala, kasu. Nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionalak estradizioa baztertu, atxilotze agindu gehiago ekarriko dituela dio Slepoyk.

Espainiako Estatu osoan kereilak aurkezteko hainbat abokatu lanean ari direla esan du, gertaerak ikertzeko prest dauden epaileengana iristeko. "Espainian ez dago frankismoko biktimarik gabeko herririk”, azaldu du. Kereilak milaka izan daitezkeela adierazi du baina aurrera egin ahal izateko jende askoren, erakundeen eta abokatuen inplikazioa behar dela.

Hilabete barru Euskal Herrira etortzekoa da Slepoy. Bisitaren helburuetako bat, Muñecasen kontra Azpeitiko epaitegian aurkeztu dezaketen salaketaz bertako lankideekin hitz egitea izango da.

Aurrerapauso esanguratsuak

Maria Servini epaile argentinarra krimen frankistak ikertzeko Espainian egon izana eta hainbat testigantza batzea aurrerapen esanguratsutzat jo du abokatuak; bere esanetan, “Espainiako epaile gehienen ikertzeko borondatea azaleratu zuelako”. Halaber, Felix Padin frankismoaren biktimak 98 urterekin aurrenekoz epaile aurrean deklaratu izana, aurrekari gabeko aurrerapauso handia dela esan du.

Oraina ulertzeko, iragana kontuan izan behar dela azpimarratu du Slepoyk. Zauriak desagertu ez, baina sendatu, gizarteak gaia konpontzean baino ez direla egingo dio. Abokatu argentinarraren esanetan, “ahaztea kriminalak babestea da”.