argia.eus
INPRIMATU
Frackingaren alde jardutea leporatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari, “kontrakoa esan arren”
  • “Lakua gezurretan ari da hastura hidraulikoari uko egiten diola esaten duenean”, EH Bilduren ustez. Dani Maeztu koalizioko legebiltzarkideak prentsaurrekoan erakutsitako txosten batean ageri denez, hidrokarburoak ikertu eta ustiatzeko sozietate publikoak (SHESA) frackingaren segurtasuna eta beharra defendatzen ditu.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko uztailaren 19a
Ustez haustura hidraulikoa erabili behar zen Euskal Herriko lehen putzua, Enara Handia baimen-eremuan, Subilla Gasteizen (Arg.: Raul Bogajo / Argazki Press).

“Txostenak frogatu egiten du Urkulluren gobernuak frackingaren aldeko apustuari eusten diola”, Maezturen esanetan. Hartara, ezin sinetsizkotzat jo du Arantza Tapia Ekonomiaren  Garapen eta Lehiakortasun sailburuak uztailaren 7an egindako iragarpena: “Egun, ez dugu bermerik frackingaren teknikak ingurumena errespetatzen duela esateko", adierazi zuen sailburuak egun hartan.

EH Bilduren ustez, berriz, “haustura hidraulikoaren apologia “egiten duten SHESAren txostenek erakusten dute Jaurlaritzaren benetako aurpegia. Zehazki, erakutsi duten dokumentua iragan maiatzaren 26an Torrelavegan (Kantabria, Espainia) SHESAko esplorazio buru Juan Garcia Porterok emandako hitzaldi baten gidoia da. 

52 orrialdeko dokumentuak frackingaren erabateko defentsa egiten du, eta teknika horri egiten zaizkion kritiketako asko ezeztatzen ditu. Haustura hidraulikoak ingurumenari edota osasunari egin diezazkiekeen kalteei buruzko bibliografia “mitotzat” jotzen du, eta zientzia aipatzen du ustezko mito horiek gezurtatzen saiatzeko.

Txostenak behin eta berriz errepikatzen du frackinga darabilen edozein prozesuren urrats guztiak behar bezala neurtuta daudela ingurumen inpaktu azterketetan, eta bai zulaketa bai haustura hidraulikoa –prozesu desberdinak baitira– segurtasun bermerik handienarekin egiten direla. Gidoia denez, dokumentua ikusita ez da argi geratzen Garcia Porterok frackingaren arriskuez ohartarazten duten hamaika ikerlan zientifikoei kritika zehatzik egin ote zien maiatzaren 26ko hitzaldian.     

“Aurre kanpainako mezua”

“2012ko hauteskundeetan Urkullu frackingaren esplorazioaren eta ustiapenaren aurka agertu zen eta orain berdin ari dira aurre kanpainan sartzeko, iritzi publikoa nahastu nahian”, kritikatu du Dani Maeztuk. Aralarrekoak gogorarazi du SHESAk, eta hortaz Jaurlaritzak, aukera duela Angosto eta Enara Handia baimen-eremuetan frackinga erabiltzeko. “Ezin diogu Arantza Tapiari sinetsi baimen horiek indarrean dauden bitartean”.

Azkenik, gai honi buruz azalpenak emateko sailburuaren agerraldia eskatuko duela iragarri du EH Bilduk.