Joan den astean jakinarazi zuen El Economista-k Florentino Pérezek ACSko 1.500 bat kilometro autobidea salduko zituela Espainiako Estatuan, horien artean Iruñea eta Jacaren artean egiten ari diren A-21 edo Pirinioetako autobidea.
Nafarroako Gobernua operazioa aztertzen ari da ikusteko nola eragiten dion berak ACSrekin duen kontratuari. Printzipioz salmenta egiten duten enpresen arteko akzio salerosketa hutsa litzateke eta ez lioke eragin behar, ez hastapeneko kontratuari ez errepidearen erabiltzaileari, Diario de Noticias-ek gaur dioenaren arabera.
Kantauri Itsasoa Kataluniarekin lotzen duen Ebroko korridorearen alternatiba izateko jaio zen A-21 autobide hau 2005ean eta orduan, UPN eta PSNrentzat hil ala bizikoa zen Pirinioaren biziraupenerako. Gaur egun Jacara arteko 45 kilometro bakarrik erabiltzen dira, krisiaren ondorioz atzeratu egin da eta Aragoiko Gobernua bere zatia eraikitzen ari da oraindik. Nafarroak bere zatia 2013an bukatu zuen.
Autobidea UPNren Gobernuak agindu zuen eta itzalpeko bidesariaren bidez ordaintzen da. Ordainketa molde honekin, azpiegituraren enpresa kudeatzaileak ez dio ohiko bidesaririk kobratzen erabiltzaileari. Enpresa eraikitzaileak inbertsio osoa hartzen du bere gain hasieran, eta gero Nafarroako Gobernuak hainbateko bat ordaintzen dio urtero. ACSk 241 milioi euroko inbertsioa egin zuen autobide honetan eta 2039. urterako foru gobernuak 496 ordainduko ditu, 2018an adibidez 18,5 milioi euro.
Itzalpeko bide saria finkatzerakoan, besteak beste erabiltzaile kopurua kalkulatzen da, eta gaur egun bere garaian kalkulatutakoa baino askoz bidaiari gutxiago ditu autobide honek. Katalunia Piriniotik lotzeko asmoa zuen, baina gaur egun irla baten tankeran gelditu da isolatua eta ez ei du trafiko gehiago erakartzeko indarrik. Bidaiari kopuru handi bat Pirinioetako turismora lotua dago, eta bereziki negua eta eskiari. Ordainketa, aldiz, nafar guztiek egiten dute zergen bidez.
Pirinioetako hau baino askoz errentagarriagoa da Bideko Autobidea, Iruñea eta Logroño lotzen dituena, Nafarroako herritarrek itzalpeko bidesari bidez ordaintzen duten bigarrena: 390 milioi euroko kostua izan zuen, baina Nafarroako Gobernuak 1.157 milioi euro ordainduko ditu amaierarako, hasierako inbertsioa baino hiru aldiz gehiago.
Espainiako Estatuan azken 20 urteetan sekulako diru publikoaren xahutzeak egin dira azpiegiturekin. Aurten bertan argitaratutako ikerketa lan honetan xahutze horri buruzko argibide ugari ematen dira: “Aproximación a la Geografía del despilfarro en España: balance de las últimas dos décadas” (Hurbilketa zarrastelkeriaren geografiara Espainian: bi azken hamarkadetako balantzea).