Felix Padin, frankismoaren aurkako borrokalari anarkista historikoa omenduko du CNTk urriaren 18an Bilbon.
Ekitaldia goizeko 11:00etan hasiko da “La Huella” monumentuaren aurrean. Bertan egongo dira Pedro Serna CNTko ordezkari nagusia, euskal mugimendu memorialistako kideak eta CNT sindikatuan memoria historikoa lantzen duten ordezkariak.
Urriaren 7an hil zen Padin 98 urte zituela. CNTko kideak abuztuan deklaratu zuen lehen aldiz Argentinako Maria Servini epaileak frankismoaren krimenen kontra daraman auzian. 1936ko gerran eta ondoren bizitakoak kontatu zituen bertan: sei urtez "langile batailoietan" ibili zen esklabo.
14 urte zituenetik borrokan
Bigarren Errepublikaz geroztik ekin zion Padinek militantzia aktiboari 14 urte zituela, faxistak gerra prestatzen zebiltzala jakitun. Gerra hasi ondoren, batailoi anarkistan jardun zuen Bilbo defendatzen, 1937an preso hartu zuten arte. Hurrengo sei urteetan hainbat kontzentrazio eremutan egon zen.
Padinek ez zuen etsi bere ideien borrokan. Gerra bukatu ostean, CNT sindikatu anarkista berpizten lagundu zuen Miranda de Ebron eta Frankismoaren aurkako borrokan aritu zen.