Aroztegiako hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi zuten igandean Elizondoko plazan, larunbatera arte. Aroztegiko Elkartasun Komitearen kide den Markel Adinekin hitz egin du ARGIAk, eta nabarmendu du jende andana bertaratu dela kanpaldira. Zenbait erakunde eta alderdi politikoren erantzukizuna kritikatu du Adinek.
"Talde kriminal" bateko kide izatea leporatzen diete zazpi pertsonari, 2021eko apirilean Aroztegian hondeamakinak sartu zirenean bertara joan eta kanpaldia egiteagatik, obra egitea galarazteagatik. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.
Maiatzaren 4an, igandean ekin zioten Elizondoko (Nafarroa) plazan biltzeari, eta kanpaldiak dituen helburu nagusiak aipatu ditu Adinek. Batetik, auzipetuei elkartasuna adieraztea, eta, bestetik, horien absoluzioa eskatzea: "Ezin dugu onartu desobedientzia zibila egiteagatik talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzea". Maiatzaren 19tik 23ra izango dira epaituak Baztango zazpi herritar Nafarroako Justizia Auzitegian, eta egun horietan auzitegira hurbiltzeko deia zabaltzeko ere baliatu nahi dute kanpaldia, Adinen esanetan.
Ostegunarekin batera kanpaldiak bere bosgarren egunari ekin dio, eta orain arte edukitako erantzuna positiboa izan dela adierazi du Aroztegiako Elkartasun Komiteko kideak: "Jende andana hurbildu da modu batean edo bertzean laguntzera. Akanpadan dena delakoagatik egon ezin direnak baliabideak eta laguntza eskaini dute bertze modu batean". Horrez gain, kanpaldian zehar aisialdi eskaintza ugari izaten ari direla azaldu du Adinek, hala nola, mural margoketak, bertso saioak, bolei txapelketa edota kalejirak.
Lurraren defentsan erreferente argi bat
Aroztegiko auziak duen garrantziari dagokionez, Adinek nabarmendu du "erreferente argi bat" dela lurraren defentsaren aldeko borrokan. "Desadostasuna erakusteagatik jendea kartzelara bidali nahi dute, eta erantzun handia jasotzen ari dira bueltan". Izan ere, kanpaldia ez da Baztango zazpi auzipetuei elkartasuna adierazteko egin den ekintza bakarra: otsailaren 1ean manifestazio nazionala egin zuten Iruñean, eta antolatzaileen arabera 18.000 lagun batu zituen.
Instituzioen eta alderdi politikoen erantzukizuna
Adinek adierazi du "azpimarratzekoa" dela instituzioek jokatu duten papera Auzitegiaren kasuan. Haren arabera, Geroa Bai eta UPN alderdi politikoek sartu nahi dituzte zazpi auzipetuak kartzelan. Kontrara, azken hilabeteetan EH Bilduk udal nahiz herri ezberdinetan auziaren aurkako mozioak jartzen ibili izana goraipatu du Adinek. Azkenik, Aroztegiako Elkartasun Komiteko kideak salatu du baztandarrei ordezkaritza ukatu zaiela auzian, Baztango Batzar Nagusiari "hitza kendu" eta Nafarroako Gobernuari eman baitzaio: "Baztango herritarren iritzia isildu eta zigortu dute instituzioetatik behin eta berriro".