2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun izaten jarraitzen dute eta ez dugu egiazko borondate irmorik ikusi gobernu berriarengan. Gogoa bai, baina lehentasunik ez.
EHU beti izan da aurrerakoia, sorreran “euskal unibertsitatea BAI!” aldarrikatzen zuen gizartearen jarrera nagusia guztiari ezetz esatea zenean. Orain, berriz ere eskatzen diogu erreferente izatea, eta euskara ez dezala bigarren mailan utzi.
Aurten 27 urte beteko dira EHUk Esperientziaren Gelak sortu zituenetik. 55 urtetik gorako askok, ikastolatik euskaraz ikasteko aukera baliatu genuenok, ezin dugu EHUn euskaraz ikasten jarraitu. Tamalez, berriro ere bigarren mailako herritar izatera kondenatu gaituzte.
Euskaraz ikasten jarraitu nahi dugula adierazi dugu, proposamen ezberdinak egin ditugu. Baina badirudi goragoko erabakiak behar direla. EHUk ezin du euskaraz eskaini helduontzat formakuntza hau. Eusko Jaurlaritzak ere ez?
Esperientziaren Gelen lau urtetako derrigorrezko irakasgaiak gaztelaniaz bakarrik izaten jarraituko dute datozen 4-6 urteotan ere, eta hautazko 24 gaietatik 3-4 besterik ez dira izango euskaraz, baldin eta Eusko Jaurlaritzak benetako apustua egiten ez badu. Bai, pilota Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren teilatu gainean omen dago. Finantzaketaren auziak behartzen du, berriz ere, euskara bigarren mailan uztera. Irakasleen kreditu-orduak omen dira oztopo nagusia, Gipuzkoako errektoreorde Juana Goizuetak adierazi zigunez.
Zuetako askok sinadura eskaini zeniguten "Esperientziaren Gelak euskaraz ere bai" ekimena bideratzeko. Zuen sinadurak aurkeztu ditugu bileretan, egoera soziolinguistikoa aldatu dela aldarrikatu dugu, euskaraz ikasten jarraitu nahi dugula adierazi dugu, proposamen ezberdinak egin ditugu. Baina badirudi goragoko erabakiak behar direla. EHUk ezin du euskaraz eskaini helduontzat formakuntza hau. Eusko Jaurlaritzak ere ez?
Esperientziaren Gelak Euskaraz Ere plataforma