argia.eus
INPRIMATU
Eutanasia aspalditik eskatzen zuen emazteari hiltzen laguntzeagatik gizon bat atxilotu dute Espainiako Estatuan
  • Esklerosi anizkoitzak jota 30 urte zeramatzan María José Carrascok, eta gaixotasunaren azken fasean, ezin irentsi eta kasik ezin arnasa hartu, heriotza duina eskatua zuen. Senarrak, botika berezi bat prestatuz, hiltzen lagundu dio eta atxilotu egin dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko apirilaren 04a

Espainiako Kongresuak eutanasia legeztatzeko urratsa emango zuela zirudienean, hauteskundeak aurreratu eta bertan behera gelditu da lege proposamena. Hala, norbait hiltzen laguntzea zigortu egiten du Espainiako Kode Penalak, baina hiltzen lagundutakoa oso larri dagoen pertsona izatea zirkunstantzia aringarritzat hartzen da. Ikusi beharko da Carrascoren senar Ángel Hernándezen kasuan zer ebazten duen epaileak.

"Maitasun ekintza gisa baino ezin da ulertu"

“Hamarkadatan zaindu duen emazteari hiltzen laguntzea maitasun ekintza gisa baino ezin da ulertu eta ez luke inolako ondorio penalik izan behar”, adierazi du Duin Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkarteak. “Bizitza-eskubidea defendatzeak ez du esan nahi pertsona bat bizitza ez-duina eramatera behartu behar duzunik, onartezina den sufrimendura eta nahi ez duen bizitza batera behartu behar duzunik”, gaineratu du elkarteak.