Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.
“CAFek gobernu korporatibo indartsua dauka, eta nazioarteko legedia guztiz betetzen du”, adierazi zuen asteartean Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Gobernu Bilkura osteko prentsaurrekoan. Ekainaren 14an izan zen CAFen akziodunen batzarraren inguruan galdetu zioten kazetariek sailburuari, han BDZ Euskal Herriaren eta Amnesty Internationalen protestak izan baitziren, Jerusalemgo tranbiaren proiektuak giza eskubideak urratzen zituela salatzeko. ARGIAk aste honetako gai nagusia eskaini dio gaiari.
Adierazpenoi erantzuteko kaleratutako oharrean, BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio sailburuari legeak behartzen dituela proiektuaren aurka egitera. Izan ere, 2024an Nazioarteko Justizia Auzitegiak emandako epaiak ebatzi zuen Israelek ezin duela okupatutako lurraldeetan egon, eta gobernuak behartuta daudela okupazio hori bermatzen duten proiektuekin harreman ekonomiko edo komertzialak etetera.
Hain zuzen ere, horixe izan zen ekainaren 14ko mobilizazioetan egindako aldarrikapenetako bat. Amnesty Internationalek eskatu zien “erreferentziazko akziodunei”, Eusko Jaurlaritzari, Kutxabanki eta Mayorali, CAFi Jerusalemgo proiektua utz zezala eskatzeko, “giza eskubideekiko dituen ardurak betetzeko”.